Politika -
Atxiloketak
Urritik ihes eginda zeuden Segiko lau kide atxilotu dituzte Iparralden
Bergoi Madernaz Pozo eta Alaia Zaldibar Alvarado Baionan atxilotu dituzte. Bestalde, Beñat Lizeaga Urkidi eta Aitziber Plazaola Otegi Donibane Garazin harrapatu dituzte.
Erredakzioa
Urritik ihes eginda zeuden Segiko lau kide atxilotu dituzte gaur Baionan eta Donibane Garazin, Poliziako iturriek jakitera eman dutenez.
Joan den astean Izpurako kiroldegi batean giltzapetu ziren Segiko ustezko zortzi kideetako lau dira.
Bergoi Madernaz Pozo eta Alaia Zaldibar Alvarado Baionan atxilotu dituzte eguneko lehen orduetan. Ordu batzuk geroago, Beñat Lizeaga Urkidi eta Aitziber Plazaola Otegi Donibane Garazin harrapatu dituzte.
24 urteko Alaia Zaldibar (Gasteiz) urtarrilaren 18an atxilotu zuen Frantziako poliziak eta Espainiako Justiziak estraditatzeko euroagindua bideratu bitartean aske geratu zen. Zaldibarren estradizioa onartu zuen Paueko Auzitegiak otsailaren 1ean, baina helegitearen zain dago. Azken asteetan ezarritako kontroletara azaldu ez delako atxilotu dute.
Bestalde, 26 urteko Bergoi Madernaz (Gasteiz) Segiko buruzagien aurka 2010eko urriaren 22an egindako operazioaz geroztik ihes eginda zegoen. Bi urte lehenago, 2008ko otsailean, atxilotu zuen Espainiako Poliziak, beste bost lagunekin batera, kale-indarkeria ekintzetan parte hartzea egotzita. Atxiloketa horren ostean espetxean sartu zuten, baina baldintzapeko askatasunean utzi zuten.
21 urteko Beñat Lizeaga Zumaian jaio zen eta 25 urteko Aitziber Plazaola Bergaran.
Otsailaren 21ean, lau atxilotuek Izpuran itxialdia egin zuten, Salbador eta Jazint Ramirez, Endika Perez eta Irati Tobarrrekin batera. Espainiaratze posiblearen aurka protesta egin zuten.