Politika -
MADRILEN
Grande-Marlaska eta Beltran de Heredia elkarrekin bilduko dira gaur, lehen aldiz
2017an izandako azken Segurtasun Batzarrean bi gobernuek adostutako akordioak aztertuko dituzte bileran.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroa eta Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburua elkarrekin bilduko dira gaur Madrilen, 2017an izandako azken Segurtasun Batzarrean bi gobernuek adostutako akordioak aztertzeko. Grande-Marlaskaren eta Beltran de Herediaren arteko lehen bilera ofiziala izango da.
Segurtasun Batzarrean Espainiako Barne Ministerioa eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saila ordezkatuta daude, eta 2017ko ekainaren 14an bildu ziren azkenengoz. Orduko Barne Ministroak, Juan Ignacio Zoidok, eta Segurtasun sailburuak 15 akordio sinatu zituzten, Ertzaintzaren eta Espainiako Estatuaren Segurtasun Indarren arteko elkarlana eta lankidetza hobetzeko asmoz.
Itun horiek "polizia oso" gisa onartu zuten Ertzaintza, eta, ondorioz, Estatu mailan informazioa partekatzeko dauden foroetan eta polizia-erabakietan parte hartu ahal izango zuen ordutik aurrera, baita Europako datu-baseetarako sarbidea ere.
Gainera, Espainiako Estatuak terrorismo jihadistagatik deitutako alerta-mahaian ere parte hartzeko aukera eman zioten Ertzaintzari.
Horrez gain, hainbat tresna bideratu zituzten Ertzaintzaren eta Estatuko Segurtasun Indarren eskumenak argitzeko, eta "susmagarriak zuzenean jarraitzeko eta itauntzeko" gaitasuna ere eman zioten Ertzaintzari.