Politika -

Protesta-elkarretaratzea

EHUko ikasle batek Gasteizen pairatutako erasoa gaitzetsi du PPk

Alfonso Alonso Euskadiko PPren presidenteak parte hartu du EAEko Nuevas Generacionesek deitutako ekitaldian: "Konstituzioak ez du agintzen Arabako campus honetan", salatu du.

Elkarretaratzea Nuevas Generacionesek deitu du. Argazkia: EFE.
Elkarretaratzea Nuevas Generacionesek deitu du. Argazkia: EFE.
Elkarretaratzea Nuevas Generacionesek deitu du. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alfonso Alonso Euskadiko PPren presidenteak gaitzetsi du EHUko ikasle batek "beste modu batean pentsatzeagatik, eta hori adierazteagatik" Arabako campusean jasandako erasoa; salatu ere salatu du "40 urteren buruan" Konstituzioa ez dagoela indarrean leku guztietan, eta ez duela agintzen "Arabako campus honetan": "Askatasuna ez dago bermatuta Euskadin, eta debekatuta dago Arabako campusean", azpimarratu du: "Konstituzioa ez da iritsi, oraindik, Euskadira", deitoratu du Alonsok.

Nuevas Generacionesek ekitaldia zuen deituta ostegun honetarako, xede izanik salatzea EHUko ikasle batek pairatutako erasoa; hain zuzen ere, aurreko ostiralean, hainbat lagunek eraso zioten gazteari, Arabako hiriburuan, azken horrek Espainiaren batasunaren aldeko egitasmo bat bultzatzeko bilera batean parte hartu ostean. Alfonso Alonso Nuevas Generacionesen ekitaldian izan da.

"Adierazpen-, ideologia-, elkartze- eta kontzientzia-askatasuna oinarrizko balioak dira, eta asko borrokatu zen horien alde; Espainiako Konstituzioak babesten duen ideologia-aniztasunaren bihotzean, muinean daude horiek", nabarmendu du. Adierazi duenez, EHUn "talde kriminal bat dago, antolatutako talde bat; horrek lokalak ditu Unibertsitatean, eta, hortaz, Unibertsitate Publikoaren babesa du".

Aipatutako talde horrek, Alonsoren esanetan, "abertzaleak ez diren eta hori esaten duten ikasleak mehatxatzen dituzte. Erasoa pairatu duen mutilak mehatxuak jaso zituen, bere pentsaeraren alde egiteari utz ziezaion; baina ideiei eutsi zienez, zigor handiagoa merezi zuela erabaki zuten", salatu du.

"15 txanodunek, 15 koldarrek, inguratu zuten eta jipoia eman zioten; konorterik gabe zegoela, ostikatu zuten", nabarmendu du.

Alonsoren iritziz, "oso larria" da gertatu dena: "Ez da normala, gizarte demokratiko eta aske batean; guztiok egin beharko genuke hausnarketa. Euskal agintariek, Eusko Jaurlaritzak eta lehendakariak ez lukete zertan izan beste lehentasunik: askatasuna arlo guztietan bermatzea, Unibertsitateko arloan batez ere, gazteentzat", zehaztu du.

Euskadiko PPren liderrak esan du ez dagoela bizitzerik "abertzaletasuna derrigorrezkoa den gizarte batean; ematen du gainerako guztiok isilik egon behar garela. Eta hori ez da gizarte demokratikoa, edo irekia". Berrogei urteren buruan, "bermatu behar da Konstituzioa leku guztietan dagoela indarrean", azpimarratu du.

"Jipoitu dute bakarrik desberdin pentsatzeagatik"

Nuevas Generacionesek deitutako elkarretaratzean, Aitor Gonzalez talde horretako presidenteak oharra irakurri du; bertan, "eraso basatia" salatu du, eta azpimarratu du ikaslea "bakarrik desberdin pentsatzeagatik" jipoitu zutela.

Gainera, adierazi du Nuevas Generacionesek bat egiten duela erasoa pairatu duen ikaslea dagoen gazte-taldearen "hastapen eta balioekin"; adibidez, "euskal herritarrak eta espainiarrak garela, eta aske nahi dugula adierazi".

Dena dela, aseguratu dute erasoa ez dela gertaera bakana: "Abertzaleak ez garen gazteok, EAEn hau bezalako hainbat eraso jasan izan ditugu, eta hori bereziki larria da Unibertsitateko campusean". Salatu dutenez, "haiek bezala pentsatzen ez dugunok isilarazi nahi gaituzte, larderia- eta ikara-giroa sortuz".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika EHU berriak Euskadiko PP bideoak Albisteak Gaur Gasteiz berriak Albisteak Alfonso Alonso bideoak