Politika -
superigandea
Hauteskunde orokorrak maiatzaren 26an egiteko aukera aztertu du Espainiako Gobernuak
Igande horretan udal, foru, erkidego eta Europako hauteskundeak egingo dira, horrenbestez, “superigande” bat bihurtu daiteke egun hori.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Gobernuak ez du baztertu hauteskunde orokorrak maiatzaren 26an izatea. Igande horretan udal, foru, erkidego eta Europako hauteskundeak egingo dira, horrenbestez, “superigande” bat bihurtu daiteke egun hori.
Astelehen goiz honetan, Jose Luis Abalos Espainiako Gobernuko Sustapen ministroak agerian utzi du aukera hori. “Ezin dugu datarik baztertu, oraindik ez baitugu ezer zehaztu”, azpimarratu du. Dena dela, ez du horri buruz ezer gehiago esan, oraindik "egun asko" falta direla iritzita.
“Data hori aipatu du beste egun batzuk aipatu dituen moduan”, esan du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak. Ildo horretatik, Sustapen ministroak esandako “beste gauza garrantzitsu bat” nabarmendu du, hauteskunde orokorrak deitzeko ahalmena presidenteari dagokiola azpimarratuz.
Meritxell Batet Lurralde Politikarako ministroa bat etorri da Sanchezek esan duenarekin, eta hauteskunde orokorrak deitzeko aukera Espainiako Gobernuko presidenteak bakarrik duela esan du.
Aurrekontu orokorrak onartu ahal izateko zailtasunak gero eta nabariagoak diren honetan egin ditu adierazpen horiek Abalosek.
Beste alde batetik, Nadia Calviño Ekonomia ministroak ziurtatu du Espainiako Gobernuak talde politikoekin negoziatzen jarraitzen duela, aurrkeontuak onartu ahal izateko babes nahikoa lortzeko.
Pablo Casado PPko presidenteak datak aipatzeari utzi eta hauteskunde orokorrak lehenbailehen deitzeko eskatu dio Sanchezi. “(Rajoyren aurkako) zentzura-mozio suntsitzailea aurkeztu zuenean hitzeman zuen hori”, esan du Casadok. Hala, Sanchezen zentzura-mozioari babesa agertu zioten talde politikoek hauteskundeak lehenbailehen deitzea eskatu ziotela gogora ekarri du.
Ines Arrimadas Ciudadanoseko bozeramailea bat etorri da Casadoren eskaerarekin, eta Pedro Sanchezek “emandako hitza bete” egin behar duela ziurtatu du. Hala, aurrekontuak onartzeko babes nahikorik ez duenez, hauteskundeak “orain” deitzeko eskatu dio Espainiako Gobernuko presidenteari.
Podemosi dagokionez, aurrekontu orokorrak onartzeko lanean jarraitzen du, hauteskundeak datorren urtean egin ordez, legealdia agortu eta 2020an egin nahi baititu.