Politika -

Manifestazioa

EH Bilduk 'euskal errepublika' aldarrikatuko du abenduaren 6an, Bilbon

Koalizioaren hitzetan, “Euskal Herriak ez du ospatzeko deus” abenduaren 6an; izan ere, “euskal herritarrek lepoa eman” zioten Konstituzioari, eta “inposaketak 40 urte” betetzen ditu.

Oskar Matute EH Bilduko diputatua eta Ohiana Etxebarrieta koalizioko legebiltzarkidea. Argazkia: EFE
Oskar Matute EH Bilduko diputatua eta Ohiana Etxebarrieta koalizioko legebiltzarkidea. Argazkia: EFE
Oskar Matute EH Bilduko diputatua eta Ohiana Etxebarrieta koalizioko legebiltzarkidea. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako Konstituzioa errefusatu du gaur EH Bilduk. Horregatik, Konstituzioaren 40. urteurrenean, koalizioak manifestazioa deitu du abenduaren 6rako, Bilbon, “euskal errepublika aldarrikatzeko”.

Oskar Matute eta Ohiana Etxebarrieta EH Bilduko ordezkariek prentsaurrekoa eman dute Donostian. Abenduak 6 “jaiegun bat eta ospatzeko” jardunaldi bat izango ez dela ziurtatu dute biek.

Matutek gaztelaniaz eta Etxebarrietak euskaraz agiri bat irakurri dute. Konstituzioa Euskal Herriaren “askatasun grinak geldiarazteko giltzarrapoa baino ez” dela uste duten herritar guztiak manifestazioan parte hartzera gonbidatu dituzte.

EH Bilduk azpimarratu duenez, “Euskal Herriak ez du ospatzeko deus” abenduaren 6an; izan ere, “euskal herritarrek lepoa eman” zioten Konstituzioari, eta “inposaketak 40 urte” betetzen ditu.

“40 urte pasa dira eta 78ko erregimenak zein Espainiako Konstituzioak konponbiderik gabe utzi zituen arazo politiko larriek kaleetan eta erakundeetan jarraitzen dute. Hautestontziak jarri, etorkizun politikoaren jabe izan eta Kataluniako errepublika sortzeko aukera kontsultatzeagatik, Kataluniako herria Estatuaren erantzun neurrigabe eta basatia sufritzen ari da”, kritikatu du koalizioak.

"Espainiako Estatua atzerakada demokratiko argi batean murgilduta dago"

EH Bilduren ahotan, “Euskal Herriak bidezko gizarte aske bat eraikitzeko, bere etorkizuna erabakitzeko eskubide demokratikoa duela uste du gehiengo politiko eta sozial batek”.

Koalizioaren hitzetan, “78an aurpegia garbitzea behar zuten indar politikoak mozorroa kentzera behartu dituzte inguruabar politiko eta sozialek; horrela Espainiaren batasun sakrosantuan oinarritutako erregimena tresna guztiekin defendatzen ari dira.

EH Bilduren esanetan, “Espainiako Estatua atzerakada demokratiko argi batean murgilduta dago”, eta horregatik “Estatuko soberanista guztiek, baturik, estrategia partekatuak bilatu behar ditugu”. “Baturik ekin behar dugu, ausardia politiko eta herri zein etorkizuneko ikuspegiarekin”, gaineratu duenez.

Abenduaren 6ko manifestazioan parte hartzeko dei egin du koalizioak. Martxa eguerdian abiatuko da Moyua plazatik, egun horretan “Euskal Herriak ospatzeko ezer” ez duela demostratzeko, “irabazteko asko baizik: herri aske, burujabe, bidezko eta duin bat”.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bilbo EH Bildu Eguneko albisteak Albisteak Manifestazioak