Politika -
Bidaia ofiziala Argentinara
Urkullu lehendakaria Mauricio Macri Argentinako presidentearekin bilduko da gaur
Bilera aurreikusita ez zegoen arren, Macrik Quinta de Olivos etxaldean hartuko du lehendakaria (12:00etan, Argentinan; 16:00etan, Euskadin).
Agentziak | erredakzioa
Mauricio Macri Argentinako presidenteak Iñigo Urkullu lehendakaria hartuko du gaur, Eusko Jaurlaritzako burua Argentina eta Txilera egiten ari den bidaia ofizialaren baitan.
Bilera ez zegoen aurreikusita, baina azkenean biltzeko modua topatu dute biek. Macrik Buenos Airesen duen Quinta de Olivos etxaldean izango da batzarra, bertan 12:00ak direnean (16:00ak, Euskadin).
Azkeneko eguna du Urkulluk Argentinan, eta Macriren Gobernuko Jorge Faurie eta Dante Sica Atzerri eta Enplegu ministroekin eta Adolfo Perez Esquivel Bakearen Nobel saridunarekin bildu da bertan. Bestalde, Emilio Monzo eta Federico Pinedo Diputatuen Ganberako eta Senatuko presidenteekin ere izan da lehendakaria.
Hainbat bidaia ofizial egin ditu Urkulluk legegintzaldi honetan, eta, besteak beste, Jose Manuel Santos Kolonbiako presidente ohiarekin, Jean-Claude Juncker Europako Batzordeko buruarekin eta Pietro Parolin Vatikanoko Estatu idazkariarekin batzartu da.
Macrirekin elkarrizketatu ostean, Mar del Platara joango da lehendakaria, eta Hego Amerikako Euskal Etxeek antolatutako eskualdeko bileraren itxiera ekitaldian hitz egingo du.