Politika -
Ezkutuko bilera
Cospedal Villarejorekin bildu zen PPren egoitzan 2009an
Bileraren grabazioetan entzun daitekeenez, komisario ohiak Gurtel auziaren nondik norakoen berri ematen die PPko buruzagi izandakoari eta haren senarrari.
Agentziak | erredakzioa
Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusi ohiak Jose Manuel Villarejo Poliziaren komisario izandakoa hartu zuen PPk Madrilen, Genova kalean, duen egoitzan. Bilera 2009ko uztailean izan zen, eta Ignacio Lopez Hierro Cospedalen senarra ere bertaratu zen.
Moncloa.com agerkari digitalak bileraren audioak kaleratu ditu egunotan. Horren arabera, Lopez Hierrok antolatu zuen bilera, Gurtel auziak eztanda egin zuen garaian.
Grabazioetan entzun daitekeenez, bilera modu "diskretuan" garatzeko neurriak hartzen ditu Cospedalek. Hala, Villarejo PPren ibilgailu ofizial batean joan zen Genovako egoitzara, eta garajetik zuzenean eraman zuten Cospedalek garai hartan zuen bulegora.
Bestalde, El Pais gaur kaleratu duenez, bileran Gurtel auzian nahasitako PPko buruzagien inguruan galdetzen dio Cospedalek Villarejori. Besteak beste, Luis Barcenas diruzainari eta Madrilgo Erkidegoko buruzagi batzuei buruz itauntzen dio. Komisario ohiak instrukzioaren nondik norakoen berri ematen die Cospedali eta Lopez de Hierrori.
Atzo bertan, lehen grabazioak kaleratu eta berehala, oharra atera zuen Cospedalek. Idatzian gogorarazi zuenez, elkarrizketan entzuten diren "guztiak epaitegian daude duela bederatzi urte". PPko buruzagi ohiaren arabera, "bilerak ez zuen ezertxo ere aldatu".
Genovaren erantzuna
Marta Gonzalez PPkko Komunikazio idazkariordeak azaldu duenez, Alderdi Popularra ez dago kezkatuta grabazio horiengatik, eta Cospedalek berak kaleratutako oharrean eman beharreko azalpenak badaudela azpimarratu du.
Alfonso Alonso Euskadiko PPren presidentea harago joan da, eta honakoa galdetu du: "PPren zuzendaritza berriari ezin zaizkio egotzi aitona-amonek egindako bekatuak".