Politika -
CIS inkesta
PSOEk PPren boto-kopuru bikoitza lortuko luke, CISen arabera
Ciudadanos litzateke bigarren indar bozkatuena, boto-asmoaren % 21 lortuta. EAJk gora egingo luke, botoen % 1arekin; EH Bilduk, berriz, behera, botoen % 0,8 jasota.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
PSOEek gora egin du boto-asmoan, CIS inkestaren arabera. Hala, botoen % 31,6 lortuko luke, ia PPren bikoitza. Alderdi popularra indarra galtzen ari da azkenaldian, eta gaur egun Estatuko hirugarren indar bozkatuena litzateke, botoen % 18,2rekin. Ciudadanos, berriz, bigarren indarra litzateke, boto-asmoari dagokionez; hain zuzen ere, % 21eko babesa jasoko luke. Bukatzeko, Unidos Podemosentzat gorakada aurreikusi du CISek, botoen % 17,3 lortuko lukeelako.
Hainbat ministrorengan eragina izan zuen polemikarekin bat etorri zen Ikerketa Soziologikoen Zentroak egindako galdeketa, baita urriaren 1eko urteurrenarekin ere. Alabaina, PSOEk, hilabeteko epean, gora egin du, % 30,5etik % 31,6ra. Aitzitik, PPk bi puntutik gorako beherakada izango du: % 20,8tik % 18,2ra.
Nabarmentzeko modukoa da, bestalde, Ciudanos bigarren indarra dela gaur-gaurkoz, eta % 19,6tik % 21era igoko litzatekeela. Unidos Podemosek ere, PSOEren antzeko igoera izango luke, alegia, 1,2 puntukoa, eta horrek laugarren tokian sailkatuko luke.
Boto zuzenaren datuak ere argitaratu ditu CISek. Kasu horretan ere, PSOE da lehen indar politikoa, botoen % 21,7rekin, eta Ciudadanos bigarrena, % 15,3 erdietsita.
Boto-asmora itzulita, aipatzekoa da ERC izango litzatekeela babes handiena jasoko lukeen bosgarren alderdia (botoen %4,3). PACMAk jarraitzen dio zerrendan, botoen % 1,6rekin. Voxek ere behera egingo luke, % 1,3ra arte, hain justu.
PDeCATek eta EH Bilduk ere boto gutxiago lortuko lituzkete: % 1,9 lehenak, eta % 0,8 bigarrenak.
Kontrara, boto-asmoa % 1,0ekoa da EAJren kasuan. Bukatzeko, Coalicion Canariak indarra galduko luke: boto-asmoaren % 0,1.
PSOEren igoerak lotura dauka Pedro Sanchez Espainiako presidenteari buruz herritarrek duten iritziarekin. Izan ere, Sanchez da lau alderdi nagusietako buruen artean puntuaziorik onena lortu duena.
Gobernuko gainerako ministroen balorazioa, aldiz, ez da batere ona izan. Guztiek lortu dute aurreko inkestan baino puntuazio baxuagoa, bereziki, Dolores Delgadok, Isabel Celaak eta Pedro Duquek, haien inguruan sortutako polemikak tarteko.
Aurreko inkestetan ez bezala, CISek "amorru politikoari" eta "ustelkeriari" buruz galdetu die herritarrei.