Politika -

Prentsaurrekoa Gasteizen

EA: 'NaBaiko ateak ixtekotan Batasunarekin negoziatu genezake'

Urizarrek adierazi duenez, EAk ez dio inolako beldurrik Nabaitik kanpo aritzeari. Ezker abertzalearen alderdi berria auzitegietara eramateko "erabaki politikoa" dagoeneko hartuta dagoela gaineratu du.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pello Urizar Eako idazkari nagusiaren ustez, Nabaiko kideek "astiro-astiro" ari dira koalizioaren ateak EAri ixten. Bere esanetan, Nafarroan, EA Batasunarekin koalizioa sortzeko prest egongo litzateke ezker abertzaleak alderdi berri bat antolatzea lortzen badu.

Urizarrek prentsaurrekoa eman du Gasteizen Bilbo, Gasteiz eta Donostiako alkatetzarako eta Batzar Nagusietarako hautagaiekin. EAko idazkari nagusiaren ustez, ezker abertzalearen alderdia auzitegietara eramateko "erabaki politikoa" dagoeneko hartuta dago.

Batasuna legeztatzeak "PSEri ez dio mesederik egitean eta PPk gero eta presio handiagoa egingo du hauteskundeak gerturatu ahala" ohartarazi du Urizarrek.

EAJ eta Aralar, urduri

Pello Urizarren ustez, hauteskundeen gertutasunak "urduri jartzen ditu" EAJ eta Aralar, Nabai koalizioko kideak. Koalizio horretan agente gehiago sartzeko aukerari ezezkoa ematea eta EArekiko duen jarrera "arduragabea da eta euskal gizarteak ez du ulertuko".

"EAk ez dio inolako beldurrik Nabairen barruan ala kanpoan politika egiteari", esan du Urizarrek. Nabaiko gainerako kideek hauteskundeak prestatzen jarraitzen dute eta horrek "EAri ateak ixten dizkio".

Hurrengo hauteskundeei begira EAk Batasunarekin koalizioa egiteko asmorik duen ala ez galdetu diotenean, "ilusioa sortzen duen proiektui bat sortzeko aukera ikusten badugu, legearen barruan" EAk jarrera egokia izango luke, baina lehendabizi ezker abertzaleak legalizazioa lortzen duen ala ez ikusi beharko da "oinarri sendorik gabeko proiektuetan ez sartzeko".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea