Politika -

Udal hauteskundeak 2019

PPk Leticia Comeron aurkeztu du Gasteizko alkatetzarako hautagai

Estatutuaren erreformarako EAJk eta EH Bilduk adostutako akordioak beldurra ematen diola, eta "erronka garrantzitsuenetako bat" egitasmo horri aurre egitea dela esan du Comeronek.

Leticia Comerón. Argazkia: EiTB
Leticia Comerón. Argazkia: EiTB
Leticia Comerón. Argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizen egindako ekitaldian, Leticia Comeronek iragarri du 2019ko udal hauteskundeetan Gasteizko alkatetzarako PPren hautagai izango dela.

Alkatetzaren aurkezpenean Alfonso Alonso eta Javier Maroto PPren buruek ere hartu dute parte. Biek ala biek "ilusioa berreskuratzeko" hautagai egokia dela esan dute Comeroni buruz. Gaur egun EAJk eta PSE-EEk agintzen dute Arabako hiriburuko Udalean.

Hautagaitza aurkezterakoan, EAJk eta EH Bilduk Estatutuaren erreformarekin lotuta hitzartutako akordioak "ikara" ematen diola ziurtatu du Comeronek. Alabaina, erronken artean "haustura oinarri duen" egitasmo horri aurrea egitea duela azpimarratu du, betiere, "egonkortasuna eta moderazioa" ardatz hartuta.

Halaber, "ilusioz betetako proiektu" bat aurkeztuko duela adierazi du, eta EAJren kudeaketa gaitzetsi du Arabako hiriburua "geldituta" duela nabarmenduta. Besteak beste, "Gasteizek dituen garbiketa eta segurtasun arazoak" kritikatu ditu.

Gainera, ekarpen sozialak "kontrolatzeko", zergak eta udal gastuak murrizteko konpromisoa agertu du.

Nolanahi dela, egonkortasuna bermatzea "erronka garrantzitsuenetakoa" dela azpimarratu du. "Alperrik ari gara inbertsioak lortzeko eta enpresak geureganatzeko lanean, baldin eta haustura eta amorrua nagusi diren egoera politiko batean bizi bagara", esan du.

Alfonso Alonsok, bere aldetik, argi utzi du "gure hiriaren parte garela harro erakusteko" bermea izango dela Comeron. Javier Marotok, berriz, hiri "mestizo" baterako hautagaitza egokiena dela iritzi dio.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gasteizko Udala Politika PP Udal eta Foru hauteskundeak 2015 Euskadiko PP Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Hauteskundeak Udal eta foru hauteskundeak 2023