Politika -

Erreakzioa

Batasunak EAren erabakia txalotu du eta NaBairekin bildu nahi du

Txelui Morenok berretsi du koalizioarekin biltzeko gogoa dutela, nahiz eta "Zabaletak eta Barkosek Urkulluk ezarritako baldintzekin bat egin eta hiruko akordioa" bilatu.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Txelui Moreno ezker abertzalearen bozeramaileak EAren batzar nazionalak hartutako erabakia, ezker abertzalearekin sinatutako akordioari eustea eta NaBain jarraitzea, txalotu du eta koalizioarekin biltzeko gogoa dutela berretsi du.

Morenok azpimarratu du EAren erabakiak "argi" uzten duela erabakiak "kanpoko esku sartzerik gabe" hartzen dituela. Era berean, ezker abertzalearen ordezkariak uste du Zabaletak eta Barkosek "Urkulluren baldintzak onartu" dituztela eta, horrela, "hiruko akordioa (EAJ, Aralar eta independenteak)" bilatzen dutela, "EA kanporatuz" eta ezker abertzaleari sartzeko aukera "galaraziz".

Prentsa-agiri batean Morenok salatu duenez, "euskal eta espainiar eskuinari eta PSOEri ezinegona sortu dien eta herritarren artean ilusioa piztu duen agertoki ezkertiar, aurrerakoi eta abertzalea ahuldu" nahi dute.

Horren harira, Lortu Arte eta Euskal Herria Ezkerretik akordioak "Nafarroaren eta Euskal Herri osoaren aldaketa politikoa eta soziala gauzatzeko tresna" direla azpimarratu du eta "batzeko eta ez bereizteko" lanaren ondorio izan direla.

Era berean, akordioaren planteamendu ideologikoak eta politikoak ez direla "alderdi sinatzaileenak, baina denok batzen gaituen minimoak" direla goraipatu du. Hori dela eta, EAJk eta PSOEk lan-erreformaren inguruan eta pentsioen inguruan lotutako akordioak hobeak diren eta EAJk zerga politikari buruz dituen planteamenduak aurrerakoiagoak ote diren galdetu du.

Morenok esan du beharrezkoa dela interes alderdikoiak eta pertsonalak alde batera utzi eta "egoerak eskatzen duen jarrera" edukitzea.

Helburu horrekin, ezker abertzaleak NaBairi 14 puntuko proposamena helarazi nahi diola esan du, eta horien laburpena honakoa izango litzatekeela: "Euskal Herria, ezkerra eta Gernika".

"Iragan astean esan genuen legez, ez dugu etsiko, borondaterik badago badugu denbora. Ezker abertzalea zain dago Nafarroa Bairekin biltzeko, bitartekaririk gabe, gure jarrera azaltzeko eta aldaketa politikorako dugun proposamena aurkezteko", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea