Politika -

ETA-ren amaiera

ETAren kontrako 'lankidetza eraginkorra' azpimarratu dute Espainiak eta Frantziak

Moncloa Jauregian egindako ekitaldian, Pedro Sanchezek eta Edouard Philippe lehen ministro frantziarrak biktimak oroitu dituzte eta bide polizialaren eta judizialaren garrantzia nabarmendu dute.

Pedro Sanchez Moncloa Jauregian egindako ekitaldian. Argazkia: EFE
Pedro Sanchez Moncloa Jauregian egindako ekitaldian. Argazkia: EFE
ETAren amaiera osteko ekitaldia egin dute Espainiak eta Frantziak

2:46

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Espainiako eta Frantziako gobernuek ekitaldia egin dute arratsalde honetan Moncloa Jauregian, ETAren amaiera irudikatzeko. Pedro Sanchezek eta Edouard Philippe lehen ministro frantziarrak bi herrialde horiek ETAren aurkako borrokan izandako lankidetza azpimarratu dute. Halaber, ETA desagertu izana, biktimen eta Zuzenbide Estatuaren "garaipena" dela adierazi dute.

Iñigo Urkullu lehendakaria ere ekitaldian izan da, Espainiako Gobernuak gonbidatuta. Felipe Gonzalez eta Jose Luis Rodriguez Zapatero presidente ohiak ere bertan  egon dira. Alderdi Popularreko ordezkaririk ez da izan.

Azken hamarkadetan burututako polizia-operazioetan ETAri konfiskatutako materiala eta dokumentuak Espainiaren esku utzi ditu Frantziako Gobernuak. Argitu gabe dauden hainbat atentatu auzibidean jartzeko balioko duela uste dute agintari espainiarrek.

Agerraldian, Pedro Sanchezek ETAk eragindako biktimek "balentria eta duintasuna" goraipatu ditu eta gizarteak biktima horiek guztiak gogoan izateko "betekizun morala" duela erantsi du, gertatutako "ahazteko tentazioaz" ohartarazita.

Sanchezen hitzetan, bi herrialdeek "terrorismoaren kontrako borrokan izandako lankidetza estatua eta eraginkorra izan da" eta horrek "ETA garaitzea" ekarri du. "Hasieran aurre egin genion eta azkenean irabazi egin dugu", azpimarratu du.

Ildo berean, segurtasun indarrek nahiz epaileek ETAren aurka egindako lana eskertu du. "ETAren kontrako bataila Zuzenbide Estatuak irabazi zuen, bere proiektu politikoa indarrez ezarri nahi zuen ETAri adostasun politikotik aurre eginez, Espainiako Gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren elkarlanarekin, bide polizialaren eta judizialaren eraginkortasunagatik eta Espainia ez zegoelako bakarrik; Espainiak Europako demokrazien babesa zuen, eta bereziki, Frantziarena", adierazi du Sanchezek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Espainiako Gobernua Frantzia ETA Pedro Sánchez Albisteak Bakea Euskadin Frantziako Gobernua