Politika -

Absoluzioa

Udalbiltzaren aurkako prozesuak helburu politikoak zituela salatu dute

Aralarrek auziperatuei egindako kaltea konpontzea eskatu du. EAk udal mailako erakundeak bultzatuko dituela iragarri du eta EBk eta Lokarrik "dena ETA da dotrina" kritikatu dute.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aralarrek "oso positibo"tzat jo du ''Udalbiltza auzia''ren absoluzioa eta Estatuari auziperatuei egindako kaltea konpontzeko eskatu dio. Gainera, auziperatuak "zigortu" zituzten politikariei eta kazetariei barkamena eskatzeko deia egin die.

Eusko Alkartasuna ere gustura agertu da absoluzioarekin eta udal mailan elkarlanean aritzeko erakundeak sustatuko dituela iragarri du, "Udalbiltza izenarekin edo beste izen batekin, Euskal Herriaren nazio eraikuntzan" aurrerapausoak emateko.

Serafin Llamas EBren bozeramaileak "dena ETA da" teoriak eragin duen "akats larria eta kalte handia" salatu ditu, izan ere, ''Udalbiltzan auzia''n auziperatuei "ez zieten delitu indibidualik leporatzen, dena ETAren ideologiaren printzipioak ezker abertzaleko zinegotzien ideiekin bat egin nahi izatean oinarritu dute".

Oskar Matute Alternatibaren bozeramaileak, bere aldetik, ebazpenak sortu dion poza agertu du eta "helburu politikoak dituzten prozesu judizialak gelditzea" eskatu du, ez baitute "bakea lortzen laguntzen".

Hamaikabatek (H1!) uste du ebazpenak "bertan behera" uzten duela "ETAren ingurua erakunde terroristatik harago zihoala" pentsatzen zutenen erruz "euskal herritar eta erakunde askok jasan duten kriminalizazioa".

Lokarrik uste du sumarioa "''dena ETA da'' dotrinaren ondorio" dela: "Dotrina hori ezartzeak oinarrizko eskubideen urraketa larria eragin du, elkarte, adierazpen eta manifestazio eskubidearena batik bat, eta Zuzenbideko Estatu batean zilegiak diren jarduerak galarazi ditu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea