Politika -
Udalbiltza
Fiskaltzak ez du helegitea jarriko Udalbiltzaren absoluzioaren kontra
Auzitegi Nazionalaren ebazpena ongi argudiatuta dagoela iritzi dio eta auziperatuak ETArekin lotzeko frogarik ez dagoela azpimarratu du.
Erredakzioa
Fiskaltzak ez du helegiterik jarriko Udalbiltzako auziperatuen absoluzioaren kontra Auzitegi Nazionalaren ebazpena ongi argudiatuta dagoelako eta auziperatuak ETArekin lotzeko froga gabezian oinarritzen delako, Fiskaltzako iturriek jakitera eman dutenez.
Javier Gomez Bermudez buru duen auzitegiak absolbitu egin ditu 20 auziperatuak. Fiskaltzak 10 urteko kartzela-zigorra eskatzen zuen erakunde terroristako kide izatea leporatuta, baina Auzitegi Nazionalaren arabera Udalbiltza "proiektu nazionalista da, ez terrorista".
"Nazionalismoa ez da ETAren inposaketa eta ezta erakunde terroristaren jatorrizko ideia, nazionalista ororen helburu zilegia baizik", gaur argitaratu duten ebazpenean agertzen denez.