Politika -

SALAKETA

Preso ohi bati suhiltzaile postua itzultzeko eskatu dio LABek Gipuzkoako Aldundiari

Iñaki Igerategi libre dago otsailetik, Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorra bete eta gero, baina. Gipuzkoako Foru Aldundiak ez diola bere lanpostua berreskuratzen uzten salatu du LABek.

Jokin Zubieta, LABeko bozeramailea. Argazkia: EiTB
Jokin Zubieta, LABeko bozeramailea. Argazkia: EiTB
ETAko preso ohi bat suhiltzaile-lanpostuan berriro hartzeko eskatu du LABek

1:14

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñaki Igerategi preso ohia berriz ere Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaile zerbitzuan onartzeko eskatu du, beste behin, LAB sindikatuak. Igerategik 6 urteko kartzela-zigorra bete du ETArekin lotura izategatik, eta aske dago 2018ko otsailaren 18tik, zigor osoa beteta.

LABeko ordezkariak eta Gipuzkoako suhiltzaileak Igerategi berarekin agertu dira Donostiako portuan, Kontxako estropadak zirela eta, deitutako prentsaurrekora, 'Iñaki lanera! Aldundira!' zioen pankarta batekin.

Jokin Zubieta LABeko ordezkariak hitz egin du kazetarien aurrean eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Igerategiri bere lanpostura bueltatzea ukatu izana erabaki "injustua eta legez kanpokoa" dela salatu du. "EAJk presoentzako irtenbidea bilatu nahi duela dio, normalizazioaren alde dagoela, baina justu kontrakoa egiten ari da kasu honetan" esan du Zubietak. Ildo horretan, "preso ohien eskubideak onartuko dituen gizarte bat" eraiki beharra dagoela esan du, "preso ohiek ukatu zaizkien eskubideak berreskuratu ditzaten, lana izateko eskubidea tartean".

Horregatik, kaleratzea ez dutela onartzen nabarmendu du LABeko ordezkariak eta EAJri "erabaki zuzentzeko" eskatu dio, "gure lankidea bere postura itzuli dadin".

Iñaki Igerategi berak ere hitza hartu du eta suhiltzaile lanpostura bueltatzea eskatu zuenean "legearen arabera, ezin zela" erantzun ziotela azaldu du, "argumentu oso pobreak erabiliz", gainera, eta "epaitegietara" bideratu zutela. Kontentzioso-administratibo izaerako demanda jarri duela ere jakinarazi du eta datorren urtean argitzea espero duela. Igerategik salatu duenez, "jarri zidaten sei urteko inhabilitazio zigorrak ez dio antza EAJri balio, bizi osorako inhabilitazioa jarri nahi didate eta kalera bidali".

Gipuzkoako Foru Aldundiok dio, bere aldetik, "sententziak jasotzen duen inhabilitazio bereziak lanpostuaren galera suposatzen duela" .

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Gipuzkoa LAB Lana albisteak Presoak Eguneko albisteak Albisteak Sua amatatzeko lanen azken ordukoa