Politika -
Balorazioa
Bilboko Konpartsek jai-eremuan duten 'monopolioarekin' amaitzeko eskatu du PPk
Era berean, "lapurretak gutxitzeko eta txosnetako irabazien zenbatekoa erraztu ahal izateko" txartel bidezko ordainketa sistema bat martxan jartzea proposatu du datorren Aste Nagusiari begira.
Agentziak | Erredakzioa
Areatzako "jai-eremua ireki" eta Bilboko Konpartsei "monopolioa kentzea" eskatu du ostiral honetan Luis Eguiluz Bilboko Udaleko Alderdi Popularraren bozeramaileak. Era berean, "lapurretak gutxitzeko eta txosnetako irabazien zenbatekoa erraztu ahal izateko" txartel bidezko ordainketa sistema bat martxan jartzea proposatu du datorren Aste Nagusira begira.
Amaitu berri den 40. edizioaren inguruan balorazioa egiteko agerraldia egin du goizean Eguiluzek. Ildo horretatik, "herritar guztiontzat prestatutako jaiak" izan direla eta orokorrean iaz baino "emaitza hobeak lortu" direla nabarmendu du. Ikuskizunei dagokionez, ordea, "ospe handia duen talderen baten falta" izan duela azaldu du.
Dena dela, txosna batzuetako karteletan ez dela errespeturik egon salatu du. "Hiritar askok gustuko ez dituzten mezuekin betetzen dute guztiona den eremu bat", esan du Alderdi Popularreko bozeramaileak.
"Bilboko Konpartsak dira Areatzako jai-eremua monopolizatzen jarraitzen dutenak eta haiei bururatutako jarduerak haien asmora antolatzen dituztenak; 'Presoak Etxera' ekartzeko eskaeraz gain, Altsasuko erasotzaileen aldeko mezuak eta Guardia Zibilaren kontrako gorrotoak zabaltzen dituztenak", salatu du Eguiluzek.
Bere esanetan, Bilboko Udalari dagokio Aste Nagusian "zigorgabetasunik gabeko guneak debekatzea eta Areatzako jai-eremua talde eta elkarte desberdinei irekitzea, Bilboko Konpartsei monopolioa kenduz".
Era berean, jaialdi askotan erabili ohi diren txartel bidezko ordainketa sistema bat martxan jartzea proposatu du Eguiluzek datorren Aste Nagusira begira, "lapurretak gutxitzeko eta txosnetako irabazien zenbatekoa erraztu ahal izateko" asmoz.
Halaber, "top manta" delakoa debekatu eta kalean edaten duten gazteen aurrean neurriak hartzea eskatu du. Azkenik, Ledesma eta inguruko kaleetan zarata murrizteaz gain, jai-eremu berean dauden lokaletan antzeko musika jartzea adostea eskatu du.