Politika -
"Ibarra auzia"
Juan Ramon Ibarraren aurkako epaiketa hasi da
Juan Ramon Ibarra, Bizkaiko Ogasuneko Ikuskapen zuzendariorde ohia, deklaratzen ari da. Zergadun batzuen alde datuak aldatu izana eta modu horretan 337.000 euro lortu izana egozten diote.
Erredakzioa
Juan Ramon Ibarra, Bizkaiko Ogasuneko Ikuskapen zuzendariordea ustezko prebarikazioagatik deklaratzen ari da Bizkaiko Probintzia Auzitegiko lehen sailean. Ustez ehun bat zergaduni datuak aldatu izana leporatzen diote, pertsona horiek zergak ez ordaindu behar izateko helburuarekin eta horren trukean 337.000 euro lortu izana egozten diote.
2003an ikertzen hasi ziren ustezko irregulartasunak direla eta, gaur hasi da Ibarraren aurkako epaiketa eta martxoaren 10a arte iraungo du.
Fiskaltzak 11 urteko espetxe zigorra eta 800.000 euroko isuna eskatu du agiri publikoen etengabeko faltsutzeagatik, prebarikazioa eta dokumentuen zaintzaren desleialtasunagatik, kargudunen erosteagatik eta desobedientziagatik.
Epaiketan deklaratu beharko dute baita hiru funtzionario ohik ustezko delitu horiek egiten laguntzeagatik.