Politika -
21 auzipetu
Udalbiltzako auzipetuek absoluzioa eskatu dute
ETArekin lotutarik izatea ukatu ondoren, Udalbiltzak kontzentraziorako deialdia egin du urtarrilaren 19rako, auzipetutako 21 pertsonen epaia ezagutu baino egun bat lehenagorako.
Erredakzioa
ETArekin lotura izatea egotzita epaitzen ari diren 21 lagunek ukatu egin dute leporatzen dietena, eta absoluzioa ez den beste epairik ez dutela onartuko berretsi dute.
Horietako gehienak gaur Donostian agertu dira, Gernikako akordioan izandako elkarte, sindikatu (ELA, LAB...) eta kultura arloko pertsona batzuekin batera.
Era berean, legez kanpo dagoen Udalbiltzak kontzentrazioak deitu ditu hilaren 19rako euskal udaletxeen aurrean ‘Udalbiltza aske, justizia=absoluzioa’ lelopean . Egun bat geroago emango dute erakunde horrekin lotzen dituzten 21 pertsonen kontrako auziaren epaia.
Maribi Ugarteburuk adierazi duenez, auzipetuak ez dituzte Madrilera deitu, ezta euren abokatuak ere, epaia posta elektroniko bidez jakinaraziko baitzaie. Auzipetu guztiak "urduri" daudela gaineratu du, "duela zazpi urte eta erdi epaiketak hasi ondoren, geure askatasuna eta etorkizuna jokoan baitaude".
Hala eta guztiz ere, "lasai" daudela ziurtatu du, "oso harro" sentitzen direlako legez kanpo dagoen Udalbiltzatik "eskubide demokratikoen alde" egindako lanagatik.