Politika -
Lehen urteurrena
Cambrilsek erakutsitako elkartasuna eta anaitasuna azpimarratu ditu Torrak
2017ko abuztuaren 17ko atentatuetako biktimei omenaldia egin diete Cambrilsek, eta Generalitateko presidentea horien esanetara jarri da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
2017ko abuztuaren 17ko atentatuen ostean Cambrilseko auzokideek erakutsitako "elkartasuna eta anaitasuna" goratu ditu Quim Torra Generalitateko presidenteak, eta azpimarratu du "bakarrik aurrera egin dezakegula bide horri eutsita".
Duela urtebete Bartzelonako eta Cambrilseko atentatuetan hildako lagunei omenaldia egin diete larunbat honetan Cambrilsen, biktimen senideak eta ordezkari politikoak han izan direla.
Ekitaldia amaitu eta gero, Torrak hitzaldi laburra eskaini du esanez Cambrils "eredu" izan dela auzokideek erakutsitako "elkartasuna eta anaitasunagatik". Cambrilsen izandako erasoan 67 urteko Aragoiko emakumezko bat hil zen, itsasondoko ibilbidean terroristen autoak harrapatuta.
Generalitateko presidentea biktimen esanetara jarri da: "Inoiz huts egin badugu, zuen esanetara gaude, garrantzitsuena delako herritarrak zaintzea", gaineratu du.