Politika -
MANIFESTAZIOA
'Euskal errepublika' aldarrikatu du Sortuk Donostian
17:00etan hasi da manifestazioa Artzain Onaren plazatik, Donostiako Aste Nagusiaren hasierarekin bat eginez.
eitb.eus
Ehunka pertsonak bat egin duten Sortuk gaur arratsaldean Donostian egin duen "Euskal errepublikaren" aldeko manifestazioan, Aste Nagusiaren hasierarekin bat eginez.
17:00etan hasi da manifestazioa Artzain Onaren plazatik, 'Dena erabakitzeko. Euskal Republika' lelopean.
Ezker abertzalearen arabera, jendartea "hobeto biziko litzateke euskal errepublika batean, eta erabakiak Madrilen edo Parisen hartuko ez balira". Horregatik, euskal errepublikaren aldeko kanpaina ari da egiten Sortu azken garaiotan. Eredu horrek, gainera, "gai sozialei ere leku gehiago bermatuko liekela" defendatzen dute.
"Arrazoiak soberan ditugu EuskalErrepublika-ren beharra aldarrikatzeko. Arrazoiak baino, beharra dugu. Beharra erabakitze eskubidea aldarrikatzetik, gauzatzera. Beharra, dena erabakitzeko!" zioen txioa zabaldu du Sortuk bere twitter kontu ofizialean, manifestazioa hasi eta berehala.
Argazkia: Xabier Unanue | Euskadi Irratia
Manifestazioaren buruan, pankarta ofizialaren atzetik, "1080ko gutxieneko pentsioa", "pentsio sistema propioa", "lan baldintza duinak izateko", "Gora Euskal Herri euskalduna" eta antzeko lelodun kartelak eraman dituzte.
18:00ak jotzeko zirenean amaitu da manifestazioa Zuloaga plazan, eusko gudariak abestuz.