Politika -
Presoen eskubideen alde
Etxeratek 'bide berria' ireki nahi du larunbateko manifestazioarekin
Herritarrei parte hartzeko deia egin die presoen "eskubideen errespetua aldarrikatzeari dimentsio berri bat emateko". PPk manifestazioa debekatzea eskatu du "terrorismoa goratuko dutelako".
Erredakzioa
Etxeratek larunbatean, Bilbon,euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioan parte hartzeko deia egin du "bide berri bat" ireki eta presoen "eskubideen errespetua aldarrikatzeari dimentsio berri bat emateko".
Gaur, 200 pertsona inguru bildu dira Gasteizko Andra Mari Zuriaren Plazan presoen aldeko manifestazioa babesteko.
Manifestazioan "oinarrizko giza-eskubideak urratzen dituen" kartzela-politika "kriminala" salatuko dute. "Egin dezagun urratsa" kolektiboak deitu du protesta-ekitaldia eta EAren, ezker abertzalearen, Aralarren, Alternatibaren eta ABren babesa du.
PPk manifestazioa galarazteko eskatu du
EAEko PPk presoen aldeko manifestazioa galarazteko eskatu du "terrorismoa goratzeko ekitaldi" bihurtuko delakoan.
Carlos Urquijo legebiltzarkide popularrak eskea egin dio Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuari Ertzaintzak manifestazioaren berri jaso ote duen jakiteko.
Urquijok agiri batean salatu duenez, "amnistiaren aldeko legez kanpoko mugimendua ezkutatzen da ''Egin dezagun urratsa'' izeneko ekimenaren atzean", baina "ez da zaila pentsatzea, beste batzuetan gertatu den moduan, terroristak goratzeko ekitaldi batean bihurtuko dela".