Politika -
Mugimenduak, Batasunan
2011n indarkeriarik ez egotea espero du ezker abertzaleak
Niko Morenoren aburuz, "ez litzateke oztoporik egon behar" ezker abertzalea hauteskundeetara aurkezteko, "Partiduen Legea zehatz-mehatz betetzen duen proiektu berria" aurkeztuko dugulako.
Erredakzioa
"ETA eta Polizia geldirik" dagoenez, 2011n indarkeriarik ez egotea espero du Niko Moreno ezker abertzaleko ordezkariak. Dena den, alderdi guztien artean "gatazka politikoaren konponketan aurrerapausoak eman" behar direla adierazi du.
"Baikorrak gara eta ETAk Gernikako Adierazpenari egoki erantzutea espero dugu. ETAren esku dago noiz eta zelan, baina baikor jarraitzen dugu eta, lehenago edo beranduago, adierazpen hori egingo dutela espero dugu", esan du Elorrioko alkateak.
Morenoren aburuz, "ez litzateke oztoporik egon behar" ezker abertzalea maiatzaren 29ko hauteskundeetan izateko, "Partiduen Legea zehatz-mehatz betetzen duen proiektu berria" aurkeztuko dugulako.
Ezker abertzalea hartutako bide onean jarraitzea eskatu zuen Patxi Lopez lehendakariak gabon zaharreko mezuan. Horren gainean, Morenok esan du "inor ez dezala zalantzan jarri ezker abertzaleak bere bidea egingo duela, jada egiten ari baita", eta mezu hori "eragile guztiei" helarazi behar zaiela iritzi dio.