Politika -
Adierazpenak Basaurin
Batasunaren ustez, ETAk 'su-eten mugagabe egiaztagarria' emango du
Ezker abertzalearen aldeko hainbat pertsona Basauriko kartzelaren aurrean bildu dira, urtarrilaren 8an presoen eskubideen alde egingo den manifestazioari babesa agertzeko.
Erredakzioa
Miren Legoburu legez kanpoko ezker abertzalearen bozeramailearen iritziz, ETAk "erantzun ona emango dio" Gernikako Akordioan egindako deiari. ETAren agiria, hala ere, "ez dago geure eskuetan" gaineratu du.
Ezker abertzalearen ordezkariak Basauriko (Bizkaia) kartzelaren aurrean egin den kontzentrazioan eman ditu adierazpen horiek; hogeita hamar lagunek parte hartu dute bertan, Tasio Erkizia buruzagi historikoa barne, presoen alde Bilbon, urtarrilaren 8an, egingo den manifestazioa babesteko.
Komunikabideei eginiko adierazpenetan gogora ekarri duenez, ezker abertzaleak beste alderdi eta sindikatu batzuekin batera, Gernikako Akordioa onetsi zuen. Akordio horretan, "besteak beste, ETAri su-eten mugagabe eta egiaztagarria aldarrikatzeko eskatzen zitzaion".
Gaineratu duenez, "zentzu horretan, erantzuna positiboa izango dela uste dugu, ETAren azken agiriak bide horretatik joan baitira".
Hala ere, "hori, ez dago gure esku" zehaztu du Legorburuk. Horregatik, ez da "balorazioetan sartuko batzuek eta besteek izan ditzaketen presen arabera".
"Gernikako Akordioan zehaztutako puntu guztiak betetzeko eskatzen dugu, prozesu honek aurrera egin dezan" azpimarratu du.
Era berean, "abiatu dugun prozesuan" euskal presoen taldeak egin dezakeen ekarpenaren alde egin du, nahitaezkoa baita "Euskal Herrian prozesu demokratiko baterantz ireki den fase berri honetan".