Politika -
Presoak hurbiltzea
ETAko presoen inguruan 'adostasunak eraikitzeko' deia egin dio Lozak PPri
"Terrorismoaren amaiera izan da. Garaitu dugu ETA, baina bizikidetza irabazi behar dugu orain, eta talde politiko guztien arteko akordioa behar dugu horretarako", esan du Gobernuaren ordezkariak EAEn.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Gobernuak EAEn daukan ordezkariak, Jesus Lozak, euskal presoen hurbilketari buruzko "adostasun politikoak" lortzearen alde egin du, eta PPri dei egin dio "adostasunak eraikitzeko".
"Terrorismoaren amaiera izan da. Garaitu dugu ETA, baina bizikidetza irabazi behar dugu orain, eta talde politiko guztien arteko akordioa behar dugu horretarako", esan du.
Terrorismoaren Biktimak Oroitzeko Zentroa bisitatu du Lozak, Gasteizen, eta biktimei arreta ematea bere "lehentasunetako" bat izango dela adierazi du. Marta Buesa bere lantaldeari batuko zaiola ere iragarri du.
Biktimekin "enpatia" izatearen alde egin du Lozak, eta "diskrezioarekin" jokatu behar dela esan du, presoen balizko hurbilketa bati buruz galdetuta.
Pedro Sanchezen hitzak gogora ekarrita, "argi luzeak jarri" eta erakundeen arteko hitzarmenak bilatu behar dira; izan ere, "Estatu mailako auzia da", esan du.