Politika -
Jabetza intelektuala
Kongresuak atzera bota du 'Sinde Legea'
Alderdi guztiek, PSOE izan ezik, atzera bota dute legea: aldeko 18 boto izan ditu eta kontrako 20.
Erredakzioa
Diputatuen Kongresuko Ekonomia Batzordeak ez du onartu Ekonomia Iraunkorreko Legearen menpeko "Sinde Legea". Alderdi guztiek ezezko botoa eman dute, PSOE izan ezik.
''Sinde Lege'' polemikoaren azken xedapena alde batera uzteko eskatu dute EAJ, CC eta ERC alderdiek, eta Ekonomia Iraunkorreko Legetik kanpo atera dute bozketa.
Hemendik aurrera Ekonomia Iraunkorreko Legeak bere bidea egingo du Senatuan, eta Gobernuak otsailerako prest izatea espero du.
Webguneak modu azkar batean ixteko balio duen legea da hau. Kongresuak legea onartu izan balu, Gobernuak aldez aurreko epaiketarik gabe itxi edo mugatu ahal izango zituen Interneteko webguneak.
Interneteko zenbait erabiltzaile eta elkarte lege berria gelditzeko ahaleginetan aritu izan dira azken egunotan, eta protesta ekintzak zabaldu dira. Hori horrela, atzo arratsaldean PSOEren, CiUren, EAJren eta PPren webguneei eraso egin zieten eta, ordu batzuetan erabili ezinda geratu ziren.
''Sinde Legea''
Webguneak modu azkar batean ixteko aukera ahalbidetzen duen legea Angeles Gonzalez-Sinde Kultura ministroak bultzatu du. Gaur egun epaile baten aginduz bakarrik itxi daitezke webguneak, baina, lege berri honen helburua Jabetza Intelektualaren Batzorde bat osatzea zen, Auzitegi Nazionalarekin elkarlanean aritu eta webguneak ixteko. Ekonomia Iraunkorraren Legea edo ''Sinde Legea'' bezala ezagutzen duguna onartu eta martxan jarri izan balitz, talde txiki baten esku geratuko zatekeen Interneteko edukien kontrola.
Copyrighta duten edukietara daramaten link edo estekak dituzten orriak ixtea zuten helburu: seriesyonkis, rojadirecta, cinetube, etab.