Politika -
IRUÑEAN
Altsasukoekin elkartasunez Iruñean kateatu diren zortzi gazte atxilotu dituzte
Ernai gazte erakundeak Espainiako Gobernuak Iruñean duen ordezkaritzan protesta egin du, Altsasuko gazteen askatasuna eskatzeko.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Poliziak zortzi pertsona atxilotu ditu Iruñean, Espainiako Gobernuak Nafarroako hiriburuan duen ordezkaritzara kateatu ostean. Ernai gazte erakundeak deitu du protesta, Altsasuko gazteen askatasuna eskatzeko eta epaia salatzeko.
Halaber, Espainiako Poliziak EFE albiste agentziari jakinarazi dionez, protestan parte hartzen ari ziren beste 50 pertsona identifikatu ditu.
Zortzi atxilotuei —bost gizon eta hiru emakume— desordena publikoa eta desobedientzia delituak leporatu dizkiete.
Gaur goizean pertsona multzo bat Espainiako Gobernuak Iruñean duen ordezkaritzaren inguruan elkartu da. Horietako batzuk alboko fatxada baten kanpoan kokatu dira eta Altsasuko gazteen irudiak eta "Utzi bakean euskal gazteria" zioten kartelak zabaldu dituzte.
Aldi berean, atari nagusian aurrean esku-orriak jaurti dituzte asteazken, ostegun eta ostiralean mobilizazioetara deituz. Bestalde, larunbat honetan manifestazioa egingo da Iruñean, Altsasuko gurasoek deituta, epaia salatzeko.