Politika -

ELKARRIZKETA ERRONDA

Arrimadas ez da Torrarekin egitekoa zuen bilerara joan

10:00etarako deituta bazegoen ere, uko egin dio Generalitatera joateri. Torrak, ostera, bilera baterako gonbidapena egin dio berriro Ciutadanseko buruari.

Quim Torra Generalitateko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Quim Torra Generalitateko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE
Quim Torra Generalitateko presidentea. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ines Arrimadas Ciutadanseko buruzagia ez da joan Quim Torra Kataluniako Gobernu presidentearekin Palau jauregian gaur egitekoa zuen bilerara, haren ustez, Generalitateak "legetik at" dagoen proiektu independentistarekin "milioika katalanei" mehatxu egiten jarraitzen duelako. 10:00etarako deituta bazegoen ere, uko egin dio Generalitatera joateri.

Kataluniako Parlamentuan Ines Arrimadasek eskaini duen prentsaurrekoan hitz gogorrak izan ditu egungo Kataluniako Gobernuarentzat, besteak beste, Generalitateko eraikinean preso soberanisten askapenaren alde eskegita dagoen pankarta dela-eta. "Ez gara milioika kataluniar baztertzen dituen tokira joateko gonbidatuak sentitzen", adierazi du.

Arrimadasen esanetan, "elkarrizketaren alderdia" da eurena, baina ezin dute Torrarekin bilera egin haren benetako borondatea hitz egitea baino konfrontazioari eustea dela uste dutelako. "Ez du hitz egin nahi, konfrontazioa bakarrik nahi du, azaldu du.

Hala eta guztiz ere, ez du baztertzen aurrerago berarekin elkartzea. Keinuren bat egitea —presoen aldeko pankarta erretiratzea, kasu— eta legearen barruan arituko dela hitzematea eskatu dio. Generalitateak aurrez esana du, ordea, ez duela horrelakorik egingo.

Torrak Arrimadasi erantzun dio berak ez diola "inolako baldintzarik" jartzen elkarrizketari

Quim Torra Generalitateko presidenteak Ines Arrimadas Ciutadanseko buruari erantzunez azpimarratu duenez, berak ez dio "inolako baldintzarik" jartzen elkarrizketari eta bilera baterako gonbidapena egin dio berriro. Aldi berean, Palau jauregian dagoen pankarta defendatu du.

Torrak gutun bidez erantzun dio atzo Arrimadasek bidalitako mezuari, eta bertan guztiekin "hitz egiteko prestutasuna" agertu du, "bereziki", oposizioko talde nagusia den alderdiarekin. "Gure kasuan ez diogu inolako baldintzarik jartzen elkarrizketari", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako albisteak Politika Alderdi politikoak Albisteak Gaur Albisteak Pere Aragonès