Politika -
Oroimena eta Bizikidetza
Legebiltzarreko lantaldeak Errenteriako bizikidetza eredua aztertuko du
Atzo amaitu zuten oroimenari eta espetxe politikari buruzko blokea eta aurrerantzean giza-eskubideen eta bizikidetzaren gaiari helduko diete.
agentziak | erredakzioa
Eusko Legebiltzarreko Oroimen eta Bizikidetza Lantaldeak Errenteriako bizikidetza eredua aztertuko du ekainetik aurrera.
Atzo amaitu zuten oroimenari eta espetxe politikari buruzko blokea eta orain giza-eskubideen eta bizikidetzaren gaiari helduko diete.
Talde bakoitzak agerraldi ezberdinak eskatu ditu eta batzarrak ekainaren 5ean eta 12an egingo dituzte.
Agerraldi horietako batean, Errenteriako bizikidetza ereduaren bultzatzaileak izango dira, tartean Julen Mendoza (EH Bildu) alkatea.
Duela bost urte, ekitaldi publiko batean, Jose Luis Caso ETAk hildako PPko zinegotziaren alargunaren aurrean, "bihotzez sentitzen dut" esan zuen. Mendozak egindako adierazpen hura ETAren biktimak aitortzeko keinutzat hartu zen.
'Eraikiz' izeneko zinema eta antzerki jardunaldi batzuen hasiera-ekitaldian egin zituen adierazpen horiek. Ekimenak Errenteriako udal talde guztien babesa izan zuen, baita Alderdi Popularrarena ere.
Egun, aniztasunean oinarritutako aliantza bat sustatzen ari dira herrian, sektore ezberdinetako eragileekin eta herritarrekin elkarlanean, bizikidetza eta batasun soziala lortzeko asmoz.
Legebiltzarreko lantalde horretan beste agerraldi batzuk ere izango dira, hala nola, Fernando Buesa Fundazioko ordezkariena, Edurne Portela idazle, filologo eta historialariarena; eta Xabier Aierdi soziologoarena.