Politika -
PRESOAK
Barne Ministerioak presoei buruzko datuak eskatzea ohikoa dela uste du Jaurlaritzak
Espainiako Gobernua 40 euskal preso ingururi buruzko datuak biltzen ari dela jakin ostean, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkaria filtrazio horren intentzioaz mintzatu da.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Espainiako Barne Ministerioa 40 euskal preso ingururi buruzko datuak biltzen ari dela ezagutarazi ostean, Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkariak azpimarratu du "ohiko barne prozedura" bat dela presoen gaineko informazioa gaurkotzeko.
Gaur zenbait hedabidetan zabaldutako informazioaren arabera, 40 preso horiek gizarteratzeko zer pauso emateko prest egon litezkeen galdetu zien Barne Ministerioak espetxeetako zuzendariei otsailean eta martxoan bidalitako mezu elektroniko banatan. Espainiako Gobernuak azaldu duenez, igorritako mezu horien helburu bakarra presoen datu basea eguneratzea eta galdera parlamentario baterako informazioa biltzea zen.
Jonan Fernandezek Arrasateko Memoria Plaza Unibertsitatean erakusketaren inaugurazioaren ostean kazetarien aurrean adierazi duenez, "gaur gaurkoz eta esku artean dugun informazioa aintzat hartuta, presoen egoerari buruzko informazioa gaurkotzeko ohiko barne prozedura bat dela ulertzen dugu".
Fernandezen esanetan, filtrazioen atzean beti dago ezkutuko asmo bat eta ez du uste filtrazio honen xedea oso eraikitzailea denik.