Politika -
Elkarrizketa
Foro Sozialak positibotzat jo du Kanboko ekitaldia
Agus Hernan Foro Sozialeko koordinatzailea baikor azaldu da etorkizuneko erronken inguruan, hala nola, biktimak, erreparazioa, presoak eta memoria kolektiboa.
NEREA OLASO | EITB.EUS
Joan den maiatzaren 4an Kanbon (Iparraldea) izandako ETAren amaiera-ekitaldia positiboki baloratu du Foro Sozialak. Euskal Telebistari eskainitako elkarrizketan Agus Hernan Foro Sozialeko koordinatzaileak adierazi duenez, helburua bete dute. Bere esanetan, "nazioarte mailan ETAren amaiera egiaztatzea zen helburua, eta hori lortu egin genuen".
Arnagako Adierazpenak elkarkidetzerako eta elkarrizketarako deia luzatu duela uste du Hernanek, Espainiako Gobernuari espreski, eta horren jarrerak frustrazioa eragiten duela onartu du. "Gutako asko sentitzen gara horrela, Espainiako Gobernua ez baitago konponbiderako bide horretan", deitoratu du.
Bestalde, biktimei adierazpenean egindako aipamen bakarra dela-eta izandako kritiken inguruan Foro Sozialeko buruak esan duenez, "gu geure hitzen edo adierazpenen erantzule gara; biktimen gaia funtsezko gaia da".
Etorkizuneko erronkei begira, "biktimak, erreparazioa, presoak eta memoria kolektiboa", baikor azaldu da. Gainera, prozesu guzti horretan herritarren parte-hartzearen garrantzia azpimarratu du. Hori dela eta, ekitaldia egingo du Foro Sozialak datorren igandean Donostiako Bakearen Usoa eskulturan, gizarte zibilaren lana eskertzeko asmoz.
BIDEOA: Foro Sozialak ekitaldi bat iragarri du, gizarte zibilaren lana eskertzeko: