Politika -
De Miguel auzia
Arabako Aldundiaren kontratuak aztertuko dituzte gaur De Miguelen epaiketan
Saio bakar batean egingo dute Alfredo de Miguelek ‘zuzenean’ edo ‘legez kontra’ Errexal eta Ortzi Muga merkataritza-elkarteei emandako zazpi kontratuen lekuko-froga.
Agentziak | Erredakzioa
Arabako Foru Aldundiak ustez EAJko hainbat buruzagi ohik gidatutako ustelkeria sareari emandako kontratuak aztertuko dituzte gaurtik, astelehena, aurrera De Miguel auziaren epaiketan.
Orain arte Euskadin ustezko ustelkeria dela eta izandako kasurik handienak dituen 12 zatietatik bosgarrena da bihar abiatuko dutena. Guztira 26 pertsona daude auzipetuta kasuan. Epaiketa urtarrilean hasi zen, eta urte bukaeran amaitzea aurreikusi dute.
Saio bakar batean egingo dute Alfredo de Miguelek "zuzenean" eta "legez kontra" Errexal eta Ortzi Muga merkataritza-elkarteei 2007 eta 2009 urteen artean emandako zazpi kontratuen lekuko-froga. De Miguel da kasuko auzipetu nagusia, eta Ministeritza Fiskalaren arabera, Arabako Toki Administrazio eta Lurralde Oreka diputatu gisa zuen kargua aprobetxatu zuen kontratu horiek esleitzeko.
Josu Izaguirre Arabako fiskal nagusiak azaldu duenez, lanak, zerbitzuak, hornidurak eta kutsu administratiboa zuten bestelako kontratuak adosteko eta egiteko ardura zuen De Miguelek, gastua baimendu eta agintzeaz gain. 54 urteko kartzela-zigorra eskatu du Fiskaltzak.
Hala, "bi botere horiek aprobetxatuta" eta "dirua irabazteko asmoz", De Miguelek hainbat kontratu eman zizkien "zuzenean eta legez kanpo" Errexal eta Ortzi Muga enpresei.
Kontratuak lortzeko sortutako ustezko ustelkeria sarean zeuden bi enpresa horiek, Fiskaltzaren esanetan. Horrenbestez, Iñaki San Juan eta Josu Montes, bi enpresetako administratzaileak, auzipetuen eserlekuan eseriko dira, eta 19 eta 17 urteko espetxe-zigorrak eskatu ditu.
Lan horien aurrekontuak Foru Aldundian nola eta noiz aurkeztu ziren ez zen zehaztu esleitutako kontratuetan, Fiskaltzak azaldu duenez. Era berean, gastua eta kontratua merkataritza-sozietateari emateko baimenik ere ez dela inon ageri zehaztu du. De Miguelen ardura zen zeregin hori.
Astearteko eta asteazkeneko saioak
Asteartean eta asteazkenean, Prudencio Hierro eraikitzaileak ustez ordaindutako komisioari dagokion blokea aztertuko dute. Hierro ere auzipetuta dago, eta zazpi urteko espetxe-zigorra eskatu du Fiskaltzak. Ustez lan publikoak lortu zizkion De Miguelek.
Horrez gain, maiatzaren 14an eta 15ean aztertuko dute Loizate taldeak Kataia enpresari ustez ordaindutako % 4ko bi komisioen inguruko atala.