Politika -

ETA-ren amaiera

Martinez:'Eragindako biktimak aintzatetsi gabeko amaiera ez da gizarteak esperotakoa'

Podemos Euskadiko idazkari nagusiak gaineratu duenez, ETAren amaiera "berandu eta gaizki" iritsi da.

Lander Martinez. Argazkia: EiTB
Lander Martinez. Argazkia: EiTB
Martinez: 'Amaiera berandu heldu arren, lasaitasun handia hartzen dugu'

4:39

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bere ibilbidearen amaiera iragartzen ETAk plazaratutako adierazpena hizpide izanik, prentsaurrekoa eman du Bilbon Lander Martinez Ahal Dugu alderdiko idazkari nagusiak. Bere aburuz, "biktimak aintzatesten ez dituen amaiera ez da euskal gizartearen gehiengo zabalak espero zuena".

Martinezen esanetan, ETAren amaiera "berandu eta gaizki" iritsi da. "Egia esan, ez genuen ezer espero ETArengandik, desegin zedila besterik ez. Alabaina, itzuli nahi duen gizartearengandik aldenduta dagoen beste komunikatu batekin desegin da", iritzi dio.

"Errefusatu egiten dugu herriaren manamenduan oinarritutako narrazio etiko eta idealista bat eraikitzea; izan ere, herri horri ez dio jaramonik egin hainbat urtez, indarkeria amaitu zedila behin eta berriz eskatu zuenean".

Ahal Duguren agintariaren aburuz, "gaurko protagonistak indarkeria arbuiatzeko kalera ateratzen zirenak izan behar dute, kolektibo bakezaleak, biktimengana elkartasuna eskaintzen hurbildu zirenak, bakea eraiki zutenak, eta ez, ordea, berandu eta estropezuka iritsi direnak. Armak utzi eta desegiteko erabakia hausnarketa etiko batean oinarrituta egon beharko luke eta ez hausnarketa taktikoan".

Aldi berean, Ahal Duguk etorkizunari begiratzearen alde egin du "iraganari buruzko irakurketa kritiko bat eginez, indarkeriari zilegitasuna kenduko diona". Aldi berean, gaineratu duenez, "nahitaezkoa da preso dauden pertsonen egoerari heltzea. Haientzako edozein espetxe-politikan egon behar duen giza-eskubideen ikuspuntua aplikatzea eskatzen dugu, birgizarteratzea helburua duena, baina inpunitaterik gabekoa".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika ETA Albisteak Euskadiko Podemos-eko albisteak Bakea Euskadin Lander Martinez Hierro