Politika -
Katalunia
Enric Millo: '155. artikuluarekin Katalunia hobeto dago'
Katalunian Gobernua osatu bezain laster 155. artikuluaren aplikazioa bertan behera geratuko dela azaldu du Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkariak.
Agentziak | Erredakzioa
Enric Millo Espainiako Gobernuak Katalunian duen ordezkariak adierazi duenez, Katalunia "hobeto dago" orain dela sei hilabete Konstituzioko 155. artikulua aplikatu zenetik. Dena den, Kataluniako Gobernua osatu bezain laster, neurri horiek "automatikoki" bertan behera utziko dituztela jakinarazi du.
155. artikuluaren aplikaziotik eta Espainiako Gobernuak Kataluniakoa esku hartu zuenetik sei hilabete igaro eta gero, kudeaketaren balantze "positiboa" egin du Millok EFEri emandako elkarrizketa batean, "eredugarritzat" jotzeaz gain.
"Sei hilabete bete dira eta 155. artikuluarekin Katalunia hobeto dagoela berretsi dugu, Gobernua herritarren beharrei aurre egiteko lanean ari delako eta zerbitzu publikoak normaltasun osoz dabiltzalako. Zorrak normal ordaindu ez ezik, guztion eskubideak eta askatasunak bermatzen dira", zehaztu du Millok.
Milloren esanetan, "legetik, Estatutetik eta Konstituziotik at zegoean prozesu independistaren azpijokoa desegitea" ahalbidetu zuen 2017ko urriaren 27an 155. artikuluaren neurriak onartzeak.
"Zer behar da orain 155. artikulua amaitzeko?: Legearen baldintza guztiak betetzen dituen presidente berria inbestituz autogobernuaren erakunde guztiak berrezartzea, eta legezko gobernua abian jartzea. Hori gertatzen denean amaituko da 155a. Laster gertatzea espero dugu", ondoriozatu du.
Kataluniako Exekutibo berria osatu eta segituan bukatuko dira 155. artikuluko neurriak. "Automatikoa izango da. Hori ezin da zalantzan jarri. Eta hori egiten duenak asmo txarrez egingo du", ohartarazi du.