Politika -
Ustelkeria
Gallardonek, Cobok eta Carlos Mayor Orejak ikertu gisa deklaratuko dute Lezo auzian
Madrilgo presidente eta kontseilari ohiak deitu ditu Manuel Garcia Castellon epaileak, Isabel II.a Kanala enpresa publikoak Inassa erostean ustez iruzurra egiteagatik.
Agentziak | Erredakzioa
Lezo auziko epaileak, Manuel Garcia Castellonek, ikertu bezala deklaratzera deitu du Alberto Ruiz-Gallardon, ustez iruzurra egiteagatik Isabel II.a Kanalak Kolonbiako Inassa enpresa erosi zuenean, 2001ean. Madrilgo presidente ohiak ekainaren 7an deklaratuko du.
Gainera, Auzitegi Nazionaleko epaileak Carlos Mayor Oreja eta Manuel Cobo ere deitu ditu ikertu bezala. Madrilgo Justizia kontseilari eta Kanaleko presidente ohiak —ministro ohiaren anaia ere bada— eta Presidentetza kontseilari ohiak ekainaren 5ean eta 6an deklaratuko dute.
2016ko azaroan ere eskatu zuen Ustelkeriaren aurkako Fiskaltzak Gallardon ikertzeko, salerosketa horretan funtsak desbideratzeagatik. Fiskaltzaren arabera, operazioa presidente ohiak edo "horren jendeak" zuzendu zuten. Prebarikazioa eta funts publikoak bidegabe erabiltzea leporatzen dizkio.
Inassaren inguruko ikerketa Lezo auziaren 1. zatian dago sartuta. Ikerketaren arabera, Kolonbiako enpresa 73 milioi euroren truke erosi zutenean, Isabel II.a Kanalaren interesen aurka egin zuten, larregi ordainduta, eta, gainera, "sozietate egitura konplexu bat" erabiliz egin zuten salerosketa, enpresa publikoaren Administrazio Kontseiluaren eta Madrilgo Erkidegoaren hitzarmenak "guztiz" urratuta.
Gallardon Madrilgo presidentea zen garaiko goi-kargudun batzuk eta Kanaleko administrazio-kontseiluko kideek dagoeneko deklaratu dute auzi honetan: Juan Bravo Ogasun kontseilari eta Adifeko presidente ohia, Pedro Calvo Ingurumen kontseilari eta Kanaleko presidente ohia eta Arturo Canalda Madrilgo Kontuen Ganberako eta Isabel II.a Kanaleko zuzendari kudeatzaile ohia.