Politika -

Mugimenduak Batasunean

Ezker abertzaleak 'konpromiso irmoak' dituela esan du LABek

Bestalde, "ezker abertzaleak emandako pausoaren aurrean, erantzukizunarekin jokatzea" eskatu dio Gobernuari ELA sindikatuak, eta baita "berdintasunez" horien parte-hartze politikoa bermatzea ere.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak adierazi du ezker abertzaleak "konpromiso irmoak eta behin betikoak" hartu dituela, eta "benetako arazoa" PSOEk, PPk eta Estatuak "konponbidean" aurrera egiteko borondaterik ez dutela dela.

Larunbatean, ezker abertzaleak iragarri zuen "proiektu politiko berria" erroldatuko duela aurki, eta horrek indarkeria "errefusatu" egingo duela eta Alderdien Legearen baldintzak beteko dituela.

Hori horrela, Etxaidek prentsaurrekoa eskaini du gaur goizean, sindikatu abertzalearen zuzendaritzako eta Batzorde Nazionaleko kideekin batera, Batasuna ohiaren apustua baloratzeko.

LABeko idazkari nagusiaren iritziz, ezker abertzalean "konpromiso irmoa, erabakigarria eta behin betikoa" dago "bide politikoak baino ez" erabiltzearen alde, "demokraziaren aurkakoa den egoera honi buelta emateko helburuz".

Etxaidek gogorarazi du ezker abertzaleak "konpromisoa" daukala alderdi berria "legearen arabera" legeztatzeko. "Politikan legearen arabera parte hartzea exijitu diote, eta hori da egiten ari dena. Hori da mundu guztiari exitzen diotena, eta ez dugu ulertzen zer dela eta ezker abertzaleari gauza ezberdinak exijitzen dizkioten", gaineratu du.

ELA

Bestalde, "ezker abertzaleak emandako pausoaren aurrean, erantzukizunarekin jokatzea" eskatu dio Gobernuari ELA sindikatuak, eta baita "berdintasunez" horien parte-hartze politikoa bermatzea ere. Gainera, "indarkeriaren erabilera espreski arbuiatzearekin legez kanpo uzteko Estatuak argudiatutako arrazoiak dagoeneko ematen ez" direla uste du sindikatuak.

Alderdien Legeak eta auzi eta prozedura judizialek "Espainiako Konstituzioan bildutako eskubide eta askatasunak mugatu dituzte zoritxarreko garai politiko batean, azken zortzi urteetan hauteskunde-zerrendak eta alderdiak legez kanpo utzi dituztelako".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea