Politika -
Mugimenduak ezker abertzalean
EAJk Legea interesen arabera ez moldatzeko eskatu die PSOEri eta PPri
Iñigo Urkullu EAJko presidenteak esan du ezker abertzaleak legez kanpo jarraituko duela, PSEk eta PPk Legebiltzarrean duten ituna "udal eta Foru Aldundietara eraman nahi dutelako".
Erredakzioa
Alderdien Legea "interes partikularren arabera" ez aldatzeko eskatu die PSOEri eta PPri gaur Josu Erkoreka EAJko Kongresuko bozeramaileak. Bere ustez, iragan larunbatean ezker abertzaleak "urrats garbia" eman zuen "aurrenekoz" Alderdien Legea betetzeko asmoa duela esatean.
Bestalde, Iñigo Urkullu EAJko presidenteak esan du ezker abertzaleak legez kanpo jarraituko duela, PSEk eta PPk Legebiltzarrean duten ituna "udal eta Foru Aldundietara eraman nahi dutelako". Bere hitzetan, "euskal hiritarren gehiengoen aurkako iruzurra litzateke".
"Interes partikularren arabera, datozen asteetan," Alderdien Legea "ez moldatzeko" exijitu die sozialistei eta popularrei Erkorekak. "Hauteskundeei begira, emaitza hobeak lortzeko, Alderdien Legea egoeraren arabera moldatzeko tentazioa ez izatea espero dugu", esan du.
Bestalde, ETAren amaierari begira, gauzak "ondo" doazela uste du Erkorekak, baina ez du "ospakizunik" aurreratu nahi izan, ezta "pesimismorik iragarri". "Hobe da itxarotea, eta zuhur jokatzea", gaineratu du.
Urkullu RNEn elkarrizketatu dute. Bertan esan du, PSEk eta PPk Jaurlaritzatik kanpo ere haien arteko ituna zabaldu dezaketela, datorren urteko hauteskundeei begira. Bere ustez, "euskal hiritarren gehiengoari iruzurra egitea" suposatuko luke horrek. PSEk berak "esan egin duela" nabarmendu du Urkulluk.