Politika -

Legegintzaldirako aurreikusiak

Eusko Jaurlaritzak atzeratu egin du 20 legeren onarpena

Idoia Mendiaren hitzetan, Gobernuak "baikorregia" jokatu du zenbait lege proiektu Legebiltzarrera bidaltzeko epeak ezartzeko orduan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zenbait lege, udal eta etxebizitza legeak esaterako, onartzeko, gutxienez 2011ko bigarren seihilekora arte itxaron beharko dela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak. Udal Legearen kasuan, hauteskundeak daude tartean, eta horrek izapideak "baldintzatuko" ditu.

Legegintza egutegiaren bigarren seihilekoko jarraipena onartu du gaur Eusko Jaurlaritzak. Ildo horretan, Jaurlaritzak 20 legeren onarpena atzeratu egingo duela jakinarazi du.

Idoia Mendiaren hitzetan, Gobernuak "baikorregia" jokatu du zenbait lege proiektu Legebiltzarrera bidaltzeko epeak ezartzeko orduan. Dena den, horrek ez du Jaurlaritzaren sinesgarritasuna "hondatuko", Mendiak esan duenez.

Bestalde, ondo diseinatutako legeei eta horiek betetzeko epeetan adostasun nahikoa dutenei eman die lehentasuna Jaurlaritzak. Gainera, agintaldia bukatzen denerako "legegintza arloko helburuak bete izana" espero duela esan du.

Udalen Legea atzeratu izanak eztabaida handia sortu du; hasiera batean, aurtengo lehen seihilekoan bidali behar zuten Legebiltzarrera. Egun, aurreproiektua da oraindik testua.

Egitasmoa 2011ko udal eta foru hauteskundeen aurretik helduko ez zela eman zuten aditzera, eta gaur hori baieztatu du Mendiak. Asteroko Gobernu Kontseiluaren ostean Mendiak azaldu duenez, 2011ko bigarren seihilekoan onartuko dute.

Mendiaren hitzetan, atzerapen horrek ez du zerikusirik hauteskundeen gertutasunarekin eta alderdi politikoak alor horretan ados jartzeko ezintasunarekin; izan ere, hauteskunde garaian Legebiltzarreko jarduerak behera egiten du.

Larrialdietarako Agentzia

Bestalde, Larrialdietarako Agentzia sortuko ez dutela jakinarazi du Mendiak, egungo krisi egoeran “gastu publikoa kontrolatu” behar baitute.

Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak agentzia berririk ez sortzea erabaki du; baina onartuta zeudenek aurrera egingo dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea