Politika -
Kataluniako hauteskundeak 2010
Gutxiengoan gobernatuko du CIUk, Parlamentuan akordioak adostuta
Kataluniako Gobernu berriaren aurreneko neurria "herstura" izango dela esan du Josep Antoni Duran i Lleidak (CIU). Gobernuko sailak eta idazkari orokorrak murriztu egingo dituztela gaineratu du.
Erredakzioa
CIUk gutxiengoan gobernatuko duela eta Kataluniako Parlamentuan gainerako alderdiekin akordio puntualak bilatuko dituela iragarri du gaur Felipe Puig CDCko idazkari orokorrak. Bestalde, Kataluniako Gobernu berriaren aurreneko neurria "herstura" izango dela esan du Josep Antoni Duran i Lleidak (CIU). Zentzu honetan, Gobernuko sailak eta idazkari orokorrak murriztu egingo dituztela gaineratu du.
CiU hauteskundeen alderdi garailea izan da, 62 eserlekurekin. Gehiengo osotik sei eserlekura geratu da Artur Masen alderdia. Ondoren PSC geratu da 28 eserleku eta behera nabarmen eginda, zortzi eserleku galdu ditu Montillaren alderdiak.
"Gobernatzeko hainbat pertsonekin lan egin behar dugu", Puigen hitzetan. Bere hitzetan, CIU oraindik garaipena "gainditzen" dabil. Gobernu berriak "neurri egokiak" adostuko dituela esan du, krisi ekonomikoa konpondu ahal izateko.
Gehiengo "zabalagoa" espero zutela onartu du Puigek; hala ere, lortutako emaitzak oso onak izan direla azpimarratu du. "Hirukoa lortu dugu: hauteskundeak irabazi, gobernatu, eta modu lasaian gobernatzeko gehiengo nahikoa lortzea".
Duran i Lleidak, berriz, "herstura" aplikatuko dutela esan du, enpresa txikien eta ertainen "konfidantza" handitzeko helburuarekin. Krisia gainditzeko eta enplegua sortzeko "ezinbestekoak" direla azpimarratu du.
Ondorengotza Zerga bertan behera utzi egingo dutela berretsi du CIUko buruak. "Espainiako hainbat tokitan ez da zerga hau ordaintzen, eta hemen, oraindik ere, ordaindu egiten dugu".