Politika -
Auzitegi Gorena
Llarena epaileak Montorori azalpenak eskatu dizkio
Ogasun ministroak “bozketaren antolaketan gastu publikorik” izan ez zela ziurtatu zuela argudiatu dute Kataluniako auzipetu batzuek Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epailearen aurrean.
Agentziak | Erredakzioa
2017ko urriaren 1ean, Kataluniako erreferendumean, diru publikoa erabili ez zutela zergatik uste duen “lehenbailehen” azaltzeko eskatu dio idatziz Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epaileak Cristobal Montoro Ogasun ministroari.
Montorok “2017ko urriaren 1eko bozketaren antolaketan, Katalunian, gastu publikorik” izan ez zela ziurtatu zuela argudiatu dute auzipetu batzuek bere aurrean, Llarena magistratuak gogorarazi duenez.
Hori sumarioko frogekin kontraesanetan dagoela erantsi du epaileak. Auzipetu batzuei diru publikoak bidegabe erabiltzea leporatu diete, legez kanpoko helburuetarako erabileran oinarrituta, hain zuzen ere, erreferendumean esaterako.
Ogasun Ministerioa akusazio partikularra da sumarioan, baina urriaren 1eko erreferendumean diru publikoa erabili izana ukatu zuen ministroak iragan astelehenean argitaratutako elkarrizketa batean, El Mundo egunkarian.
Astelehenetik asteartera bitartean, Joaquim Forn, Josep Rull, Raul Romeva, Jordi Turull eta Dolors Bassa kontseilariek eta Carme Forcadell Parlamenteko presidente ohiak deklaratu dute epailearen aurrean. Guztiei diru publikoak bidegabe erabiltzea eta matxinada leporatzen dizkiete.
Adierazpenon “euskarri objektibo zehatza lehenbailehen” jakinarazteko eskatu dio Llarenak ministroari, auzipetuek gastu publikorik izan ez zela argudiatzeko erabili dituztelako.
Ministroaren hitzak instrukzioan bildutako frogekin kontraesanetan daudela gogorarazi du magistratuak. Guardia Zibilaren txosten baten arabera, Generalitateak gutxienez 1.602.001,57 euro bideratu zituen erreferenduma antolatu eta egiteko.
Martxoaren 20an, “aldebakarreko independentzia erreferenduma egiteko gastu publikoak” txostenari sendotasuna emateko, “agiriak eta osagai objektiboak” biltzeko eskatu zion Llarenak Guardia Zibilari. Era berean, auziko zati horretan sumario-sekretua hilabetez ezarri zuen epaileak.