Politika -

Hauteskundeak 2010

Montillak PSCren lidergoa utziko duela iragarri du

Alderdiaren hurrengo kongresuan izango da hori. Orain, bere ordezkoa nor izango den ikusi beharko da.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Montilla Kataluniako presidenteak eta PSCren hautagaiak bere alderdiaren hurrengo kongresuan idazkari nagusi izateko ez duela bere burua aurkeztuko iragarri du.

Horixe jakinarazi du Montillak berak PSCk hauteskundeetan izan duen porrota baieztatu ostean. Alderdi Sozialista kataluniarrak 28 eserleku lortu ditu, inoiz lortu duen kopuru txikiena, eta aurreko legegintzaldian baino 9 gutxiago.

Orain arte, PSCren emaitza txarrenak 1980koak ziren, Joan Reventos hautagai zenean. Orduan, baina, 33 eserleku lortu zituzten Parlamentean.

Buruzagi sozialistak alboan zituela Montillak azaldu duenez, emaitzek agerian utzi dute gogoeta prozesua abiatu behar dela alderdiaren barruan. "Barne aldaketak" egin behar omen dira orain eta "proiektu politikoa" berritu "nostalgia alde batera utzita".

PSCren buruzagiak hauteskunde-kanpainan iragarri zuen Kataluniako hauteskundeetara aurkeztu den azkeneko aldia izan dela.

Baina lortutako emaitza txarrek, Inkestek ziotena baino okerragoak, erabakiak hartzera behartu du PSC eta alderdiaren hurrengo kongresuan ez dela idazkari nagusi izateko hautagai izango iragarri du Montillak.

Montillak 22:30 aldera hitz egin du hedabideen aurrean. Babesa eman dieten herritarrei eskerrak eman dizkie, sozialisten porrota onartu du eta CiU zoriondu du. Gainera, Artur Mas hauteskundeetako irabazleari telefonoz deitu diola esan du.

"Herritarrek hitz egin dute, sozialistok porrota jaso dugu eta gure aurkari nagusiek garaipen zabala lortu dute", adierazi du. Hala ere, argi adierazi du "hauteskundeak galdu arren", ez dituztela haien helburuak lortzeko lana baztertuko.

Montillak azpimarratu du zazpi urteren ostean oposiziora itzuliko direla, hirukoaren formula baztertuta eta ERCrekin eta PPrekin ituna egitea alde batera utzita.

"Masi dagokio Gobernua osatzea eta asma dezala opa diot egoera ekonomiko gogorrari aurre egiteko", gaineratu du.

Hauteskundeetako porrotak eta Montillak kargua utziko duelako, oinordekotzarako borroka hasiko da orain bai hauteskundeei begira (Montillak aurreratu zuen ez zela berriro aurkeztuko), baina baita alderdiaren buruzagitzan ere.

Montillak ez du gai hori aipatu nahi izan, eta orain "gogoeta" eta "aldaketak" egiteko garaia dela esatera mugatu da.

"Gobernu berriaren alternatiba sortu behar dugu, bere jarduna kontrolatuz eta kanpainan aldarrikatu duguna errespetatuz krisiari aurre egiteko neurrietan laguntza emanez", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea