Politika -
Fronte Polisarioa
Ahmed Bujari Fronte Polisarioren NBEko ordezkaria hil da Bilbon
Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren Gobernuak zazpi dolu-egun deitu ditu.
agentziak | erredakzioa
Ahmed Bujari Fronte Polisarioak Nazio Batuen Erakundean duen ordezkaria eta Idazkaritza Nazionaleko kidea Bilbon zendu da bart, gaixotasun larri baten ondorioz, Saharako ordezkaritzak komunikatu baten bidez jakinarazi duenez.
Bujari Fronte Polisarioren ordezkaria izan zen Espainian, Europan eta Latinoamerikako hainbat herrialdeetan. Gainera, Saharako mugimendu politikoan goi-karguak izan zituen, eta Marokorekin su-eten garaian egindako negoziaketan parte hartu zuen.
Tirisen (Sahara Mendebaldea) jaio zen 1954an. Gaztetan, ikasle zenean, sartu zen Fronte Polisarioan. Tenerifeko La Laguna Unibertsitatean abiatu zituen Zuzenbide ikasketak, eta Madrilgo Complutense Unibertsitatean amaitu.
Jira Bulhai Saharak Espainian duen ordezkariaren arabera, “Bujari borrokalari indartsua eta segurua zen, bihozbera, bere printzipioekin leiala, erabakietan sendoa eta azalpenetan argia”. Era berean, Ahmed Bujari Saharako herriarentzat “eredugarria” eta “harro egoteko arrazoia” dela nabarmendu du.
Gaurtik hasita, zazpi dolu-egun deitu ditu Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren Gobernuak.