Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
PSEri ere aurrekontuak onartzea komeni zaiola uste du Agirrek
Arabako ahaldun nagusiak esan du sozialistekin egiten ari diren negoziaketak "bide onean" daudela Aldundiko eta Gasteizko Udaleko aurrekontuak onartzeko.
Erredakzioa
Xabier Agirre Arabako ahaldun nagusiak esan du PSE-EErekin egiten ari diren negoziaketak "bide onean" daudela Aldundiko eta Gasteizko Udaleko aurrekontuak onartzeko.
"Aldundiko aurrekontuak onartzeko guk PSEren beharra daukagun bezalaxe, PSEk gure premia du Gasteizko Udaleko aurrekontuak onartzeko", adierazi du ahaldun nagusiak Radio Euskadiko ''Boulevard'' saioan egin dioten elkarrizketan.
Azken hiru urteetan aurrekontuak onartzeko "arazorik" ez dutela izan azpimarratu ostean, Agirrek azaldu du aurten ez duela zertan "desberdina izan". Gainera, "krisi garaian", erakundeen egonkortasuna "zilegiak diren desadostasun politikoen gainetik" jarri dutela azaldu du.
Hala ere, aurrekontuen negoziaketetan "tira-birak" izatea normaltzat jo du, izan ere, azkenean bi erakundeetan aurrekontuak onartuko dituzten ziurtasuna du, "tentsioak tentsio".
Miñao auzia
Bestalde, Miñao kasua ikertzen ari den Batzordea ostiralean bilduko da. Horren harira, inputatuen lekuan balego alderdiko karneta bueltatuko lukeela esan du Agirrek, EAJ kritika eta akusazio guztien erdigunean egotea ekiditeko.