Politika -

EAE-KO AURREKONTUAK 2018

EAEko Aurrekontuen aurkako helegiteak aurrera ez egitea espero du Urkulluk

Lehendakariaren iritziz, Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoko 2018ko Aurrekontuei helegitea aurkezteko asmoa 'zentzurik gabeko mehatxua' da.

Urkullu lehendakaria. Artxiboko argazkia: Irekia
Urkullu lehendakaria. Artxiboko argazkia: Irekia
Urkulluk ez dio zentzurik ikusten PPren Gobernuak iragarritako helegiteari

1:46

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urkullu lehendakaria eta Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea kritiko mintzatu dira Espainiako Gobernuak 2018ko Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Aurrekontuei helegitea aurkezteko balizko asmoaren aurrean. Alderdi Popularreko hainbat ordezkariren esanetan, ordea, Rajoyren Gobernuak ez dauka helegitea aurkezteko asmorik.

Lehendakariaren iritziz, "ez dauka zentzurik helegitearen mehatxua egitea". Hori dela eta, helegiteak aurrera ez egitea eta auzia "tokiz kanpo egindako ohartarazpen hutsean" gelditzea espero du.

Donostian kazetarien aurrean egindako adierazpenetan Urkulluk zehaztu duenez, EAEko Administrazio Orokorreko langile publikoentzat Aurrekontuetan jasota dagoen % 1,5eko soldata igoera bera planteatzen du Madrilgo Gobernuak 2018ko Aurrekontuetan. Beraz, jarrera zentzugabe hori aldatzeko eskatu dio lehendakariak Espainiako Gobernuari.

Bestalde, Urkulluk gogoan izan du legealdi hasieran Rajoyk epaitegietan helegiteak ez jartzeko adierazitako konpromisoa, eta "behingoz" hitz emandakoa betetzeko eskatu dio.

Erkorekak oso larritzat jo du PPren Gobernuaren helegitea

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak ere Espainiako Gobernuak Euskadiko aurrekontuei helegitea aurkezteko asmoa hizpide izan du, eta "mehatxu oso larritzat" jo du. Aldi berean bere "harridura" agertu du Alderdi Popularrak Eusko Legebiltzarrean EAEko Aurrekontuak babestu zituelako eta Rajoyren Gobernuak "antzerako akordio bat" lortu duelako Madrilen.

Bizkaia Irratiari eskainitako elkarrizketan adierazi duenez, "harridura" eragiten die "martxan jarritako tramiteari garrantzia kenduz" Rajoyren Gobernuko hainbat ordezkarik egindako adierazpenek.

Erkorekaren iritziz, "mehatxu oso larri eta garrantzitsua da".

 

"Hemen inork ez du ezer ulertzen. PPk gure Aurrekontuak babestu ditu eta PPk berak, Montoro buru duela, antzerako neurriak adostu zituen Madrilen duela hilabete".

Gauzak horrela, Aurrekontu Legearekin arazorik ez dagoela eta helegitea aurkezteko mehatxurik ez dagoela jakinarazteko eskatu dio Erkorekak "aurreko astean mehatxu egin eta errekerimendua bidali zuen zuzendari nagusiari". "Zuzenketarik ez dagoen bitartean, mehatxua, arriskua hor dago", gaineratu du.

De Andresek "aitzakia gehigarriak" bilatzea egotzi dio EAJri

Javier de Andres Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen bozeramaileak azpimarratu duenez, Rajoyren Gobernuak ez dauka EAEko Aurrekontuen aurkako helegitea aurkezteko asmorik, eta Espainiako Aurrekontuak ez babesteko "aitzakia" bila aritzea egotzi dio EAJri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza Espainiako Gobernua argazkiak Ekonomia 2024 Euskadiko PP Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea Aurrekontuen azken ordukoa