Politika -
Martxoaren 9tik aurrera
Roman Escolano izango da Ekonomia ministro, De Guindosen ordez
Europako Inbertsioen Bankuko presidenteordea izan da Escolano, baina ICOn eta BBVAn ere ardura postuak eduki ditu.
Agentziak | Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak Roman Escolano aukeratu du Ekonomiako ministro berri. Escolanok Luis de Guindosen lekua hartuko du, azken hori Europako Banku Zentraleko presidenteorde izendatu berritan.
Escolano martxoaren 9an hasiko da ministro lanetan, eta Ministroen Kontseiluaren bileran parte hartuko du.
2014ko irailaz geroztik, Europako Inbertsioen Bankuko (EIB) presidenteorde eta Banku horretako Zuzendaritza Batzordeko kidea da Escolano. Magdalena Alvarez ministro ohi sozialista ordezkatu zuen, horrek dimisioa eman eta gero.
2012tik 2014ra, Kreditu Institutu Ofizialeko (ICO) presidente izan zen, eta aurrez BBVA banketxeko harreman instituzionalen zuzendaria izan zen.
Aznarren Gobernuan Ekonomia Saileko zuzendari izan zen 2000tik 2004ra. Aldez aurretik, beste hainbat kargu bete ditu Espainiako Gobernu erakundeetan: Europako Erkidegoetarako Estatu idazkariaren aholkulari, Espainiako Enbaxadak Tailandian duen bulego komertzialeko kontseilari eta Lan eta Gizarte Gaietako ministroaren aholkulari izan da. Horrez gain, Correos, FEVE eta ICEX enpresen administrazio kontseiluetako kide izandakoa da.
Ekonomia eta Enpresa lizentziatua da Madrilgo Unibertsitate Autonomoan, eta Estatuko Ekonomialarien eta Komertzialen Teknikoen Kidegoko kide ere bai (bere promozioko lehena izan zen).