Politika -
Eusko Legebiltzarra
23 legebiltzarkidek egingo dute greba martxoaren 8an
EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EE alderdietako emakumezko ordezkariak ez dira bilkurara joango ostegunean.
Agentziak | Erredakzioa
Martxoaren 8rako deituta dagoen greba feministak isla izango du Eusko Legebiltzarrean, 23 eserleku hutsik izango baitira osoko bilkuran. Izan ere, planto egingo dute EH Bildu, Elkarrekin Podemos eta PSE-EE alderdietako emakumezko legebiltzarkideek, eta ez dute bilkuran parte hartuko.
Legealdi honetan emakumezkoak dira nagusi Legebiltzarrean, baina martxoaren 8an gizonezko gehiago izango dira Ganberan.
EH Bilduko 12 emakumezko ordezkariek, Elkarrekin Podemosen bostek eta PSE-EEren seiek greba egingo dute ostegunean, mugimendu feministak egindako deialdiari jarraiki.
EAJko emakumezko legebiltzarkideek ez dute grebarik egingo, baina eguerdian jeltzaleek deitutako 15 minutuko elkarretaratzeetan parte hartuko dute. Gizonezkoak ere batuko zaizkie.
Eguneko gai-zerrenda mantenduko dute eta falta direnen gabezia ez du egunean eztabaidatuko diren lau proposamenen gaineko eraginik izango, antza, baiezko botoa emango baitiete guztiei.
Ohiana Etxebarrieta EH Bilduko parlamentariaren hitzetan, ostegunean planto egingo dute "behin-behinekotasunaren eta indarkeriaren" aurrean.
Bestalde, bere alderdiak martxoaren 8an, emakumeen egoera azaleratzeko, aurrera eramango dituzten hainbat ekintza ezagutzera eman ditu prentsaurrekoan.
#Martxoak8-an #grebafeminista; gaur, soldata arrakalaren aurkako proposamen zehatzak egiten ari gara.@AgirreGarita @BetaurrekoMorea pic.twitter.com/8j1BxngvBr
— EHBildu Legebiltzar (@ehbildu_legebil) 5 de marzo de 2018
Emakumeak industria sektorean lan egiteko erabateko plana eskatuko dio EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari; baita enpresa pribatuetan "berdintasun ziurtagiria" ezartzea, eta enpresa horietan amatasun bajetan berdintasuna bermatzeko plan pilotua abiatzea ere.