Politika -
Mugimenduak
'Hurrengo asteetan' ezker abertzaleak 'pausoak' emango dituela dio EAk
Pello Urizarren esanetan, ezker abertzaleak "oso argi" utziko du haren jarrera, eta ETAk "halabeharrez" utzi beharko du indarkeria.
Erredakzioa
Ezker abertzaleak "pauso gehiago" emango ditu "hurrengo asteetan", Pello Urizar EAko idazkari nagusiak iragarri duenez. Bere ustez, gainera, baliteke ETAren amaiera "gertu" egotea.
"Oso argi daukagu, hala izanez gero ez baikenukeen akordio estrategikoa sinatu ezker abertzalearekin, erabakia hartuta dutela, eta hurrengo asteetan urratsak egingo dituela, haren jarrera politikoa eta etorkizuneko apustua oso argi uzteko", adierazi du kazetarien aurrean.
EAko buruaren esanetan, ezker abertzaleak pauso horiek eman eta gero, ETAk indarkeria utzi beharko du behin betiko, "halabeharrez".
"Ez dut datarik jarriko, ez baitzen positiboa izango, baina gertatu egingo da, eta aurki, gainera", nabarmendu du.
Urizarrek hitzaldia eskaini du gaur independentismoari buruz Europako Aliantza Askeak Europako Parlamentuan antolatutako jardunaldi batean.
Horretan, EAko idazkari nagusiak adierazi du Euskal Herria "indarkeriarik gabeko garaierako bidean" dagoela, eta "aro berriak" gertuago ekarri duela Europar Batasun barruan Espainiatik bereizteko aukera.