Politika -
Martxoak 3
Milaka pertsonak martxoaren 3ko biktimen aldeko justizia eskatu dute Gasteizen
Sindikatu feministako ordezkariak izan dira martxaren buruan lehen aldiz. 'Guztion indarrak batuz aldaketa gauzatu' adierazpena irakurri dute manifestazioaren amaieran.
Agentziak | Erredakzioa
Milaka pertsona bildu dira gaur arratsaldean Gasteizen, 1976ko martxoaren 3an poliziak tiroz bost langile hil eta beste ehun pertsona baino gehiago zauritu zituela 42 urte bete direnean.
Sindikatu feministako ordezkariak izan dira martxaren buruan lehen aldiz. Sindikatu abertzaleek eta martxoaren 3ko Biktimen Elkarteak haiei eman diete lehen aldiz protagonismoa, gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna eskatzeko mobilizazioak bistaratzeko.
Zaramaga auzoan abiatu da manifestazioa, Asiseko San Frantzisko elizaren parean. 1976eko martxoaren 3an poliziak langile-batzar batean parte hartzen ari ziren bost pertsona hil zituen tiroz elizaren barruan.
Mobilizazioa Arabako hiriburuko Ama Zuriaren Plazan amaitu da. 'Guztion indarrak batuz aldaketa gauzatu' izenburua duen adierazpena irakurri dute. Aurreko urteetan egin izan duten moduan, martxoaren 3ko Biktimen Elkarteak eta ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek antolatu dute manifestazioa.
Berdintasuna, pentsioak eta eskastasuna
Martxoaren 3ko biktimak gogoratuz eta omenduz ekin diote amaierako adierazpenari, eta ondoren, "gizarte bidezkoago" baten aldeko borroka aldarrikatu dute. "Kapitalismo basatia" salatzeaz gain, mugimendu feministak martxoaren 8rako deitutako greba izan dute hizpide. Hala, kolektiboen eta herritarren artean indarrak batzeko deia egin dute, sexuen arteko berdintasunaren bila aurrera egiteko, indarkeria matxistaren eta lan baldintza txarren kontra borrokatzeko eta pentsio publiko "duinak" lortzeko.