Politika -
Ertzaintza
Osakidetza: 'Bajak medikuek ematen dituzte, modu objektiboan'
Horrela, Ertzaintzako sindikatu batzuek proposatutako ekimena deitoratu du Osakidetzak. Medikuen profesionaltasunarenganako “erabateko mespretxua” eta “errespetu falta” azaldu dutela uste du.
Agentziak | Erredakzioa
Baja bat “pertsona bakoitzaren irizpidearen arabera hartzen” ez dela gogorarazi diete Osasun Sailak eta Osakidetzak Ertzaintzako sindikatuei. Mediku batek, “irizpide objektiboak” aplikatuta, bajak ematen dituela erantsi dute.
Segurtasun Sailak “inposatutako” polizia ereduaren aurka protesta egiteko, ertzainak martxoaren 12tik 19ra kanpaina bat babestera deitu dituzte Ertzaintzako sindikatu batzuek. Konkretuki, epe horretan medikuaren bajak hartzeko eskatu diete ertzainei.
Ekimena deitoratu dute Jon Darponek zuzendutako Sailak eta Osakidetzak agiri batean. Osakidetzako medikuen profesionaltasunarenganako “erabateko mespretxua” eta “errespetu falta” azaldu dutela uste dute erakundeek.
Langileen aldi baterako ezintasun eskubidea “hutsaltzen” ari direla kritikatu dute Osakidetzak eta Sailak. Medikuaren bajak “irizpide objektiboetatik” abiatuta ematen direla errepikatu dute, lan egitea eragozten duen gaixotasun bat dagoenean eta pazientea sendatzeko beharrezkoa denean.
Bizkaiko Medikuen Elkargoa: "Aldarrikapen estrategia bat ez dugu lagunduko"
Zentzu horretan, medikuek “lan esparruko aldarrikapen estrategia bat lagunduko ez” dutela adierazi du Bizkaiko Medikuen Elkargoak.
Elkargo profesionalak agiri batean azaldu duenez, paziente batek baja eskatu dezake, baina “bajak ez dira 'hartzen', ematen dira”, medikuak, hain zuzen ere.
Bizkaiko Medikuen Elkargoak erantsi duenez, “kolektibo batek laneko segurtasun edo osasun arazo bat duela uste baldin badu, laneko arriskuen prebentzioaren esparrutik bideratzea egokiena litzateke”.
Gainera, “baja bat beharrezkoa ez denean ematea iruzurra dela argi izan behar du gizarte osoak”.