Politika -

Ertzaintza

Ertzainek sailburuarengatik 'larrua arriskatuko' luketela gogorarazi du Ernek

Bestalde, baja eskaera masiboan eta herritarren ordezkarien aurkako irainean oinarritutako “protesta ereduarekin” ados ez dagoela adierazi du ELAk.

Roberto Feijo Erne sindikatuko ordezkaria protestan. Artxiboko argazkia: EFE
Roberto Feijo Erne sindikatuko ordezkaria protestan. Artxiboko argazkia: EFE
Roberto Feijo Erne sindikatuko ordezkaria protestan. Artxiboko argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzako Erne sindikatuak gutun bat idatzi dio Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuari. Ertzainen protesta batean mehatxaturik sentitzea aurpegiratu dio sindikatuak sailburuari; izan ere, beragatik “larrua arriskatuko” luketen “polizien artean” zegoen.

Twitter sare sozialaren bidez, Ernek gutun bat zabaldu du. Sailburuari, Segurtasun sailburuordeari, lehendakariari, EAJko presidenteari eta Eusko Legebiltzarreko presidenteari zuzendu zaie. Beltran de Herediak sentitu zuen beldurra ezjakintasunak bakarrik eragin zuela uste du sindikatuak.

200 bat ertzainek elkarretaratzea egin zuten atzo Eusko Legebiltzarraren aurrean, Gasteizen, “polizia ereduaren ondorioz pairatzen duten segurtasun falta” salatzeko. Eusko Jaurlaritzako kideengana oihuka hurbildu ziren manifestariak, Segurtasun sailburuaren dimisioa eskatuz.

Athleticen eta Moskuko Spartaken arteko partidaren atarian izandako istiluetan, duela astebete ertzain bat hil zela gogorarazi du Ernek gutunean. Elkarretaratzea erantzukizunak eskatzeko egin zutela azaldu du sindikatuak.

Sailburua Legebiltzarrera heldu zenean, haren begiradan “ikara erraz ikus” zitekeela onartu du Ernek. “Gaitzespenaren, errietaren, sekula ez aitortutako erruaren eta mehatxuaren aurrean beldur naturala da”, esan du sindikatuak. “Ulertezintasunaren ikara zen”, erantsi du.

Erneren hitzetan, Beltran de Herediak “sekula ez du ezer ulertu”, “poliziaz ez daki ezer” eta “ez gaitu ezagutzen, ezta maitatzen ere”.

Horregatik, “mehatxaturik sentitu zen, baina ez zen horrela”, ziurtatu du sindikatuak. “Polizien artean zegoen, ez zeuden lanean, baina poliziak ziren” eta, ondorioz, “seguruago egoterik ez dago”, gaineratu du.

“Haren lana kritikatu dezakegu, baina beragatik larrua arriskatuko genuke, edozein herritarrengatik egunero egiten dugun bezala. Haserretu, oihukatu, txistu egin dezakegu, baina arduratsuak izaten jarraituko dugu, poliziak izaten. Kontzeptua ez du sekula ulertuko sailburuak”, azpimarratu du.

ELA ez dago “protesta ereduarekin” ados

Bestalde, baja eskaera masiboan eta herritarren ordezkarien aurkako irainean oinarritutako “protesta ereduarekin” ados ez dagoela adierazi du ELA-Ertzaintzak.

Atzoko elkarretaratzea hizpide izan du ELAk agiri batean. Protesta eredua aldez aurretik adostu ez dutela ziurtatu du sindikatuak. “Herritarrek legitimoki aukeratutako ordezkari politikoak iraindu” zituztela onartu eta kritikatu du ELAk.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Ertzaintza Eusko Jaurlaritza berriak Eusko Langileen Alkartasuna Eusko Legebiltzarra bideoak Ekonomia 2024 Eguneko albisteak Sindikatuak Espainian