Politika -

Eusko Legebiltzarra

Ertzainen Legebiltzarreko protestaren deitzaileak zigortuko ditu Jaurlaritzak

Segurtasun sailburuak Legebiltzarrean iragarri duenez, 'Mozal Legea' aplikatuko zaie deitzaileei. Haren esanetan, ertzainen jarrera 'toleraezina, salagarria eta zigortzeko modukoa' izan zen.

Argazkia: EFE
Argazkia: EFE
Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak "Mozal Legea" aplikatuko die atzoko ertzainen Legebiltzarreko protesta deitu zutenei. Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak egin du iragarpena gaur goizean Legebiltzarrean egin den osoko bilkuran. Haren esanetan, ertzainen jarrera "toleraezina, salagarria eta zigortzeko modukoa" izan zen.

Atzo, 200 ertzain baino gehiagok protesta egin zuten Legebiltzarraren aurrean. Oihu eta kexu artean egin zieten harrera Iñigo Urkullu lehendakariari eta Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuari, eta azken horren dimisioa eskatu zuten. Ertzainek lan baldintzak hobetzeko eskatu zioten Jaurlaritzari, eta, presio neurri gisa, martxoaren 12tik 19ra osasun-bajak hartzeko kanpaina bat bultzatzeko mehatxua egin zuten. Neurriak Athletic eta Marseillako Olympique futbol taldeen arteko partidaren segurtasun neurriei eragingo lioke, martxoaren 15ean jokatuko baita, San Mamesen.

ErNe, ELA eta Sipe sindikatuek deitu zuten protesta. Lanean ari ziren ertzainek polizia-lerroa osatu behar izan zuten, protestan parte hartzen ari zirenak Legebiltzarrera gerturatzea saihesteko.

ERTZAINAK PROTESTA LEGEBILTZARRA ERTZAINTZA.

Argazkia: EFE

Eusko Jaurlaritzako kideak ez ezik, Jone Goirizelaia EH Bilduko legebiltzarkidea ere izan zuten jomuga ertzain batzuek. Goirizelaia Iñigo Cabacas familiaren abokatua da. Athleticeko jarraitzailea Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zen 2012ko apirilaren 5ean.

Gaurko Legebiltzarreko kontrol saioan Beltran de Heredia sailburuak adierazi duenez, ertzainen jarrera "toleraezina, salagarria eta zigortzeko modukoa" izan zen. Gaineratu duenez, Eusko Jaurlaritzak "Mozal Legea" aplikatuko die protesta deitu zutenei eta zigor administratiboak ezarriko dizkie "horrelako kontzentrazioetan aplikatzen den segurtasun-lerroa gainditu zutelako".

Nere Llanos PPko legebiltzarkideak Athletic eta Moskuko Spartaken partidari begira antolatutako polizia dispositiboaren harira galdetu dio Segurtasun sailburuari. Partidaren atariko istiluetan, Inocencio Alonso ertzaina hil zen bihotzeko baten ondorioz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Ertzaintza Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritza berriak Ekonomia 2024 Albisteak Gaur Gaurko azken orduko albistea